Elkartzen-ek «pobreziaren aurkako harresia» eskatu du

Gaur egun Euskal Herriko errenta kontzentrazioa Europako Batasuneko handiena dela gogorarazi dute

Berria, Erredakzioa, 18-10-2008

Donostia

«Iruzurraren, esplotazioaren eta gezurren ondorioz» Euskal Herrian pobreziak eta prekarietateak gora egin dutela salatu du Elkartzen taldeak. Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta horri lotuta egin du salaketa. Halaber, gogorarazi du Euskal Herriko errenta kontzentrazioa Europako Batasuneko handiena dela. «Langileei lan eta gizarte eskubideak murrizten zaizkie, eta enpresariei, berriz, sozietate zerga», kritikatu du. Horen harira, «pobreziaren kontrako harresia» eraikitzeko deia egin die herritarrei.

Elkartzen – ek gogor kritikatu ditu finantza krisiari aurre egiteko azkenaldian hartu diren neurriak. «Sistema kapitalistan sakontzen jarraitu nahi dute, baldintza berrietara egokituz». Orain arte, politikariek eta enpresariek izandako jarrera salatu dute . «Duela gutxi arte mozkinak pribatizatu dituzte; orain, berriz, galerak sozializatu nahi dituzte. Langileoi bota nahi digute krisiaren errua».

Haien arabera, pobreziaren eta prekarietatearen igoera horretan eragin handia izan du, besteak beste, etxebizitzaren gaiak. «Milaka dira oraindik ere etxebizitza bat eskuratu ezin duten pertsonak. Eskuratu ahal izan duten asko berriz, itota bizi dira gehiegizko alokairu nahiz hipoteken ondorioz».

«Naturaren ustiatzea eta gehiegizko kontsumoa» ere salatu ditu Elkartzen – ek. «Babestutako ustezko paradisu berde batean bizi gara, baina gure lurraldea gero eta artifizialagoa da». Horren adibide jarri dituzte Abiadura Handiko Trena, Pasaiako «superportua» edo eta Supersur saihesbidea.

Horri aurre egiteko ezinbestekoa iruditzen zaie langileek bat egitea, eta ekonomia «demokratizatzea». Haien arabera, langileek erabaki behar dute beren etorkizuna.

Behin batasun hori lortuta, ondorengo neurriak proposatzen dituzte,pobreziari aurre egiteko: etxebizitza eskubidea bermatzea, herritar guztiek diru – sarrera «duinak» izatea eta aberastasuna banatzea.

Atzoko egunari lotuta adierazpena kaleratu zuen, bestalde, Eusko Legebiltzarrak. Pobreziaren kontrako sentsibilizazio ekimenak bultzatzeko konpromisoa hartzearekin batera, Legebiltzarrak bat egiten du irailaren 25ean Nazio Batuen Erakundeak egindako goi bileran pobreziari aurre egiteko neurriekin. Bileran proposatzen ziren neurrien artean daude genero arteko berdintasuna bultzatzea, haurren nahiz emakumeen ongizatea hobetzea, eta haur guztien hezkuntza eskubidea bermatzea .

Amnesty International erakundearen arabera, giza eskubideek urraketa pobrezia areagotzen dute. «Pobrezia ez da soilik diru falta, baizik eta bizimodu duin bat izateko eskubideak bermatuak ez izatea».

Elkarretaratzea Baionan

Ehunka pertsona bildu ziren, bestalde, atzo Baionan munduko miseria arbuiatzeko. Herriko Etxeko plaza pobreziaren aurkako bozgoragailu bilakatu zen. Arratsalde osoan, ehunka pertsonek muduko bazterketa eta miseria arbuiatu zuten.

Krisialdi ekonomikoak jendearen ezinegona areagotzen duela nabarmendu zuten. Iruñean ere 200 lagun bildu ziren pobreziaren aurka.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)