EBn immigrazio selektiboa bermatuko duen politika

Ituna 2011n jarriko dute indarrean, lekuan lekuko araudietara egokitu ondoren

Berria, Leire Ventas, 16-10-2008

Gaur dira berrestekoak EB Europako Batasuneko 27 gobernuburuak Immigrazioaren eta Asiloaren Europako Ituna. Ez da politika bateratua, printzipioen akordio bat baizik. Konpromiso multzoa, alegia. Horren arabera, kide bakoitzak bere neurriak erabaki ahal izango ditu, baina gainontzekoen interesei kalte egin gabe. Joan den irailaren 25ean hitzartu zuten dokumentua EBko Justizia, Barne eta Immigrazio ministroek, eta gaurko goi bileran dira azken bultzada ematekoak. Dena den, ez dute 2011ra arte indarrean jarriko. Izan ere, datorren urtearen hasieran argitaratuko dute ituna, eta ondoren bi urte izango dituzte EBko estatuek lekuan lekuko legedietara egokitzeko.

Immigrazio fluxua arautzea eta mugatzea da hitzarmenaren xedea, alde batetik. Hala, immigrazio selektiboa bermatzen du, herrialde bakoitzeko lan merkatuaren beharren araberakoa. Etorkin gaituenei – aurrebaldintza gisa lizentziaduna izatea edo bost urteko lan esperientzia eskatzen zaie – ateak parez pare zabaltzen dizkie itunak. Baina, bestetik, legez kanpoko immigrazioari aurre egiteko elkarlana sustatzea du helburu. Eta asilo politikarako irizpide bateratua ezartzea. Izan ere, azken horri dagokionean desoreka handia dago herrialde baten eta bestearen artean. Adibide gisa: Alemaniak irakiarren asilo eskaeretatik %80 onartzen ditu, eta Erresuma Batuak %10.

Dokumentuak Nicolas Sarkozy presidenteak Frantziarako diseinatutako araudia du abiapuntu. Baina negoziatzen hasi zirenetik hainbat aldaketa egin dizkiote. Tartean, Sarkozyk berak proposatutako puntu bat laga dute atzean: immigrazio kontratua. Paperak eskuratzeko bidean den etorkina, herrialdeko hizkuntza ikastekoaz gain, balio europarrak errespetatzeko konpromisoa sinatzera behartu nahi zuen Sarkozyk.

Hitzarmena indarrean denean, bestalde, EBko 27 kideek jada ezingo dute erregularizazio masiborik egin. Atzean geratu dira, beraz, Espainiako Gobernuak 2005ean eginiko saioaren modukoak – 700.000 etorkini eman zizkieten paperak – , edo Italian 2006an eginikoa – 500.000 etorkin araupetu zituzten – . Neurri berriak martxan jartzearekin batera, banan – banan aztertu beharko dira eskaerak.

Egoera ezberdinak

Egun EBn hamalau milioi etorkin erregular eta paperik gabeko zortzi milioi inguru daudela kalkulatzen du Europako Batzordeak. 2007az geroztik, gainera, urteko milioi eta erdi paperik gabeko iristen dira, haren arabera. Horietako gehienak, Alemania, Espainia, Frantzia, Italia eta Erresuma Batua dituzte helmuga.

Herrialde horiexek dira immigrazio tasarik altuena dutenak. Espainian bizi direnen %10 atzerritarrak dira. Marokotik, Ekuadortik eta Errumaniatik joandakoak, batik bat. Frantzian, berriz, %9,6 dira etorkinak; algeriarrak, marokoarrak eta turkiarrak batez ere. Alemanian, berriz, %8,9; turkiarrak eta serbiarrak gehienak. Gai horren inguruko txostenak egiteaz arduratzen den European Migration Networken datuak dira guztiak.

Era berean, herrialde ber – berak dira asilo eskaera gehien jasotzen dituztenak. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren azken txostenaren arabera, 2006an 61.600 lagunek eskatu zuten Frantzian babestu ahal izateko baimena. Herrialde hori izan zen, beraz, munduan eskaera gehien jaso zituena. Gutiziatuenen zerrendan Erresuma Batua eta Alemania daude haren atzetik.

Horren guztiaren beste poloan daude, esaterako, Zipre, Lituania eta Polonia. Zipreren 697.549 biztanleetatik 632.738k bertako herritartasuna dute. Lituanian ere populazioaren %99,03ak lituaniar naziotasuna du. Eta, neurri berean, helmuga baino etorkinen abiapuntu da Polonia. Hango langabezia tasa altua dela eta – %15ekoa – , poloniarrak beste herrialdeetara abiatzen dira lan bila. Alemaniara, Irlandara eta Erresuma Batura, batez ere.

EBrako immigrazioaren mapa hain anitza izanik, hala moduzkoak dira tokian tokiko legediak ere. Eta horiek hala, gaur berrestekoa diren ituna horietara egokitzeko egin beharreko esfortzua ere ez da bera izango. Italian, esaterako, paperik gabeko etorkinak gaizkiletzat dituen legearekin bateragarria egin beharko dute konpromiso multzo hori. Joan den uztailean Silvio Berlusconiren gobernuak paperik gabeko etorkinei sei hilabete eta lau urte arteko kartzela zigorra ezartzea onartu zuen. Herrialde hori da, hain zuzen, immigrazioari buruzko neurri gogorrenetakoak dituena. Atzo bertan diputatuen ganberak etorkinak «hobeto integratzeko» Lega Nord eskuin muturreko alderdia – Berlusconiren gobernuko kideak – egindako proposamena onartu zuen. Horren arabera, eskolara sartu ahal izateko azterketa berezia egin beharko dute etorkinek. Oposizioak diskriminaziotzat jo du proposamen hori.

 

Immigrazio ituna

KONPROMISO MULTZOA

Neurriko etorkinak bermatu. Herrialde bakoitzaren lehentasunen, lan merkatuaren beharren eta etorkinak hartzeko duen gaitasunaren araberako immigrazioa bermatzen du itunak.

Paperik gabekoa saihestu. Paperik gabeko immigrazioari aurre egin ahal izateko neurri bateratuak ezartzen ditu hitzarmenak. Kanporatzeko irizpide komunak eta pertsonen trafikoaren kontrako zigor handiagoak tartean.

Itzultzea bermatu . Etorkinak jatorrizko herrialdera itzultzea ere bermatu nahi du itunak. Joan den ekainean onartu zuten itzulera direktibaren arabera egingo dute hori.

Asilo irizpideak bateratu. Herrialde bakoitzak bere asilo politika duenez, guztientzat antzeko baldintzak sustatzea da asmoa.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)