Promesak gazteleraz

Berria, Garazi Goia, 04-10-2008

Nik, nire aita bezala, iturgina izan nahi dut eta horretarako ez daukat euskara ikasi beharrik». Esan zion Nicolaek irakasleari. Nicolae errumaniar etorkina da. Duela bi hilabete Egia auzora etorria.

«Nik ere ez dut euskara ikasi nahi; datorren urtean Barakaldoko izebaren etxera noa bizitzera eta han ez dagoela euskararen beharrik esan dit izebak». Samira duela sei hilabete iritsi zen Donostiara Marokotik.

Eskola hartako beste guztiek bezala euskara ikasi beharko zutela esan zien irakasleak. «Baina, zertarako? Kalean jende gutxik hitz egiten du euskaraz, eta nire lagun guztiek badakite gaztelera», erantzun zion Samirak, lotsagabe.

Etorkinen kopurua egunero handituz doala ikusita, antzeko egoerak behin eta berriz eskoletan gertatzen direla entzutea kezkagarria da. Hizkuntzaren garrantzia ikasle horiei ulertarazteko irakasleek ez dute egiteko erraza.

Hala ere, egoera honen aurrean oraindik gehiago arduratzen naiz euskaldunak direla diotenek eta euskara badakiten horiek ozen eta gaztelerazko hitz potoloez euskararen egungo egoera larriaz hitz egiten didatenean; kontzientzia lasai geldituko ote zaie gazteleraz euskararen etorkizuna eta etorkinen jarrera kritikatzen ari direnean? Nola ez du, bada, esango Samirak kalean ez duela euskararik entzuten?

Ahalegin guztiak egin beharko dira errumaniar etorkinek, marokoarrek eta beste guztiek euskara ikas dezaten; baina azken finean, beraiek ez dira euskararen egungo egoeraren errudunak, eta hemengoak garenok eredu ona ematen ez badugu, ez dago zer eginik.

 

Etorkinen kopurua egunero handituz doala ikusita, antzeko egoerak behin eta berriz eskoletan gertatzen direla entzutea kezkagarria da. Hizkuntzaren garrantzia ikasle horiei ulertarazteko irakasleek ez dute egiteko erraza

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)