EBrako immigrazio politika selektiboa onartu dute Bruselan

Paperik gabeko etorkinei EBko ateak itxi eta kualifikatuei zabalduko dizkion akordioa urriaren 15 eta 16 bitartean sinatuko dute 'Txartel urdina' indarrean jartzeko oinarrizko akordioa hitzartu dute

Berria, Allande Sokarros, 26-09-2008

EB Europako Batasuneko 27 estatuetako ministrok Immigrazio eta Asilorako Europako Ituna hitzartu zuten atzo, Bruselan. Datorren urriaren 15 eta 16 bitartean egitekoak diren goi bileran emango diote, baina, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak bultzatutako immigrazio politikari baiezko formala EBko estatuburu eta gobernuburuek. Hala, paperik gabeko etorkinen aurkako neurriak gogortu eta Europako lan merkatuaren araberako immigrazioa sustatzea izango du xede EBk. Onartu berri duten itunarekin, helburu hori erdiesteko baliabideak izango dituzte.

Halaber, Justizia, Barne eta Immigrazio ministroek akordatutako itunak EBn immigrazio eta asilo politiken arauak bateratzea dauka helburu. Bide horretan lehen urrats bat egin zuten atzo. Hala ere, ororen gainetik, Europari buruhausteak eragiten dizkion immigrazioari ateak itxi eta etorkin kualifikatuei ateak parez-pare zabaltzeko indarrak batzeko konpromisoa baino ez dute hartu ministroek.

Lehen atalari dagokionez, hau da, legezko immigrazioa sustatzeari dagokionez, EBk bere gisa bete ez dituen lanpostuetan lan egin dezaketen atzerriko herritarrei bidea erraztea da Bruselak lortu nahi duena. Paperik gabeko etorkin ez kualifikatuentzat, berriz, etxeratze eta kanporatze neurriak bateratuko dituzte. Eta immigrazioaren gaineko kontrol zorrotzagoak eta eraginkorragoak ekarriko lituzkeen egitasmotik harat, EBko ministroek asilo politika komuna ere garatu nahi dute.

Hain zuzen, asilo eskaerak kudeatu eta bideratzeko bulego bat irekitzea hitzartu dute Bruselan. EBko estatuen artean informazioa elkarbanatu eta beren arteko lankidetza bideratzea ere izango da bulego horren zeregina. Epe laburrean asilorako prozesu bakarra egotea nahi dute Europako Batasunean; hala, herrialdez herrialde dauden berezitasunak gainditu eta politika bakarrerako apustua egin dute asiloari dagokionez ere. Hala, onartu berri duten itunean jasotzen denez, EBko estatu kide guztietan bete beharko dira paperik gabeko etorkinak kanporatzeko onartutako neurriak.

Immigrazio politika komunerako araudiak paperik gabeko etorkinen egoera erregulatzeko aukera guztiz baztertzen ez badu ere, baldintzak gogortu baino ez ditu egiten itunak. Hala, legeak ezartzen dituen baldintzak bete ez eta Europara iristen diren etorkinei ez zaizkie paperik emango era masiboan, kasu bakoitza bana-banan aztertu eta baloratu ondotik baizik.

Immigrazio arauen zorrozte eta bateratze egitasmo horretan EBko kanpo mugetako kontrol neurriak areagotzea ere jasotzen da. Hala, bisa biometrikoak sortuko dituzte eta EBren sartu-irteeren erregistratze elektroniko sistema bat ere garatuko dute.

Kualifikatuei ongi etorria

Behargin eskasian dagoen lan arloetan gaitasun handikoak diren atzerritarren etorrera erraztu nahi du EBk. Etorkin kualifikatu horiei txartel urdinak eman eta, EBko mugen barruan edozein herrialdetan lan egiteko aukeraz gainerat, euren senideekin batera etortzeko legezko ahala izango dute. Hain zuzen, atzo txartel urdina-ren sistema martxan jartzeko oinarrizko akordioa hitzartu zuten. Hala, besteak beste, Europara lanera etortzen direnei gutxienez 33.000 euroko soldata garbia ematean adostu dira. Horretarako, baina, prestakuntza maila altua izan beharko dute, baita titulazio egokia ere.

Gai horren inguruan eztabaida dela nagusi argi geratu da, hala ere, ituna adosteko egindako ministroen bileran. «Ados jartzetik oso hurbil gaude, eta helburua urtea amaitu aurretik gai honen inguruan akordio sendo bat erdiestea da», adierazi du Frantziako diplomazialari batek. «Txartel urdinarekin etorkin kualifikatuentzat Europa AEBak bezain erakargarri bihurtu nahi dugu», gehitu du.

Burutazio baikor horri, baina, ñabardurak gehitu dizkio Alemaniako Barne ministro Wolfgang Schaublelek: «Zabaldu diren iritziak gehiegizkoak dira; ez du estatuen lan merkatuan sartzea ekarriko».

Frantziaren eredutik gertu

Frantziako Immigrazio ministro Brice Hortefeuxek, bere aldetik, txartel urdina-ren jabe izango liratekeen etorkinak herrialde pobreenetako gaitasun profesional handieneko langileen etorrera masiboa eragingo duela ukatu du, eta beraz, baita garapen bidean dauden herrialdeak pertsona kualifikaturik gabe utziko dituela ere. «Ez da egia horrelako zerbait gertatuko dela; izan ere, herrialde horiekin garapen lankidetza egitarauak ere bideratuko ditugu».

Haatik, Frantzian Nicolas Sarkozy presidente kargura iritsi denetik immigrazio politika gogortzea leporatu diote hainbatek. Aukerazko immigrazioa 2006ko uztailaren 24ean Frantziako Legebiltzarrak onartu lege batean du oinarri. Lege horrek inork gura ez duen Immigrazio batetik, aukeratutako Immigrazio batera igarotzea du xede eta lelo nagusi.

Hala, 2006ko uztailako legeak nabarmen gogortu zituen etorkinen senitarteak Frantzian bizi ahala izateko ezarritako baldintzak. Halaber, Frantziako naziotasuna duen baten eta ez duen beste baten arteko ezkontzak ere murrizteko neurriak jarri martxan Sarkozyk. Frantzian hamar urteko egonaldiaren ostean automatikoki paperak lortzeko aukera aurreikusten zuen lege ere indargabetu egin zuen.

Bestalde, EBeko ministroek atzo hitzartutako itunaren aurretik Europako Parlamentuak iragan ekainean paperik gabeko etorkinen etxeratze arauak xedatu zituen. Hala, besteak beste, legeak aurreikusitako baldintza bete gabe Europara iristen diren etorkinak hemezortzi hilabetez atxilotuta edukitzeko aurreikusten du zuzentarau horrek. Neurri horien aurrean, Latinoamerikako herrialdeek bere herritarrekin hainbat salbuespen egiteko eskatu dute. Latinoamerikako Parlamentuko (Parlatino) presidente Jorge Pizarro txiletarrak hala azaldu du: «Ez dugu bereiztea eskatzen, bai, ordea, Europa eta Latinoamerika artean hitzartu diren akordioak betetzea».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)