Musulmanak euren alde espirituala lantzen ari dira irailaren 2az geroztik, heldu den astea arte. Izan ere, Ramadanaren hilabetean murgilduta daude. Barauaren, otoitzaren eta txiroak laguntzeko sasoia da.

Garbikunde sakratuaren garaia

Berria, , 24-09-2008

Amaia Alvarez Iruñea

Musulmanek ez dute Ramadana sufrimendu bezala hartzen. Ez da zigor bat, inolaz ere. Gustura egiten dute, pozik. Izan ere, haiendako garbikunderako hilabetea da. Eukal Herriko 30.000 musulman inguruk irailaren 2an ekin zioten Ramadanaren barauari; alegia, 30 egunez, egunsenti hasi eta eguna ilundu arte, ez dute jaten, edaten, sexu harremanik edukitzen, eta ezta erretzen ere. Heldu den astean -29ean edo 30ean, ilargiaren arabera- amaituko da aurtengo Ramadana, musulmanen hilabete sakratua.

Aimen Shauki Alexandriakoa (Egipto) da, eta duela sei hilabetetik aitzina, Iruñeko Sanduzelai auzoko mezkitako imama da. Shaikh deitzen dutena, alegia. Ramadanaren garrantzia azpimarratu du imamak. Musulman guztien bizitzan «egin beharreko gauza» dela dio. Shaukik lan gehiago dauka Ramadanean, musulmanek ohi baino otoitz gehiago egiten dute eta. Berak ere baraua egiten du eta horren berri eman du, arabieraz, oraindik ez baitu gaztelania edo euskara ikasteko denborarik eduki. «Ramadana islamaren bost zutarrietako bat da: otoitza, baraua, doteak, pobreendako limosna eta Mekara erromesaldia dira zutarriak, derrigorrezkoak guztiak». Hala ere, nahitaezkotasun horrek baldintzak ditu; adibidez, osasunez ahul dabiltzanek ez dute Ramadana egiteko beharrik. Baina, oro har, haiek ere egiten dute, beharrezkoa dela uste dute eta.

Gaztea da Shauki, 30 urte besterik ez ditu eta 22 urte zituenetik egin ditu erlijio ikasketak. Abaia (jazkera) zuri, gorri-ilun eta urre koloreduna darama, eta itzultzailearen laguntzaz, lasai, serio, hitz egiten du. Ramadanak onurak besterik ez ditu ekartzen, imamaren aburuz. «Inguruko gizartea ezagutzea da helburuetako bat, musulmanekin edo musulmanak ez diren herritarrekin elkarlanean aritzeko». Azaldutakoaren arabera, pertsona orok hiru gauza behar ditu bizitzan «ondo egoteko»; gauza materialak (ura, jakiak…), buruko gauzak (amodioa…) eta espiritualak. Horiek horrela, Ramadanean pertsonaren alderdi espirituala lantzen da. «Egoerei aurre egiteko prestatzen ditu pertsonak, pazientziaren bidez. Azken batean, edozein egoerari eusteko indarra ematen die», argitu du. Izan ere, egiten ahal dituzten gauzak ez egitea erabakitzean, hots, behar materialei eustean, haien indar espirituala handitu egiten dela dio. Gakoetako bat, era berean, otoitza da. Egunean bost aldiz otoitz egin behar dute, derrigorrez, urte osoan, baina bereziki Ramadanean. Ahal duten guztietan mezkitara joan behar dute, otoitzera. Hala ere, ezinezkoa badute, lantokian ere egin dezakete otoitz. Nolanahi ere, ostiraletan mezkitara joan behar dute nahitaez, «kristauek igandetan egiten duten bezala».

Horrez gainera, pobreak laguntzeko garaia ere bada Ramadana, limosna eman behar baitiete. Pertsona bakoitzak gutxienez sei edo zazpi euro eman behar ditu mezkitan. Gero pobreendako bideratzen dute bildutako dirua. «Nire emaztea eta seme-alabena ordaintzen dut, eta nire ardurapean beste norbait balego, harena ere ordainduko nuke», argitu du Mohamed Hassaneinek, Sanduzelaiko musulman egiptoarrak.

Aid al Fitr, bukaera festa

Ramadanaren unerik garrantzitsuenetariko bat bukaera festa da, Aid al Fitr deritzona. Oraindik ez dakite zehazki noiz izanen den, izan ere, ilberriaren ondoren (hilaren 29an), ilargiaren lehen izpiak ikusten dituztenean, iragarriko dute jaia. Mezkitatik kanpo eginen dute eta egunsentitik ilundu arte iraunen du. Sanduzelain, adibidez, mezkitaren alboan dagoen plazan ospatuko dute. Hilabete osoan egindako esfortzua alaitasunez ospatzen dute bukaera festan, eta lagun, auzokide eta lankideak ere gonbidatzen dituzte. Halaber, txiroen artean janaria banatzen ohi dute: datilak, gazta eta olioa, esaterako.

Urtetik urtera jende gehiago biltzen du jai horrek Sanduzelain. Gero eta musulman gehiago daude, eta horregatik, Hassaneinek jakinarazi duenez, lau urte barru Iruñeko hirugarren mezkita (bestea Arrosadian dago) eraikitzea aurreikusten dute.

«Duela bost urte herritarrek beldurra zioten mezkitari»

Duela bost urte ireki zuten Sanduzelai auzoko (Iruñea) mezkita eta Mustafa Hassaneinek azaldu duenez, «herritarrek hasieran beldurra zioten mezkitari, baina, gutxinaka, gauzak aldatzen joan dira». Izan ere, esfortzu handia egiten dute musulmanen ohiturak eta bizimoduak ezagutarazteko, eta Ramadana, hain justu, musulmanak ez direnei haien kultura azaltzeko epea ere bada. Orokorrean, gizartea «atsegina» dela uste du Hassaneinek, baina arlo politikoan Nafarroan «intolerantzia handia» dagoela ere salatu du. «UPNren gobernuak muzin egiten die gure eskakizunei». Hala ere, itxaropenik ez du galdu: «Guk lortzen ez duguna gure seme-alabek lortuko dute».

Zer da?

Islamaren zutarrietako bat da. Ramadanak irauten duen 29 egun inguruetan musulmanek ezin dute egun osoan deus sabeleratu ez janaririk ezta edaririk ere, ezta sexu harremanik eduki ere. Alegia, egunsentitik eguzkia sartu arte, baraua egitean datza Ramadana. Era berean, garbikunderako eta otoitz egiteko hilabete sakratua da.

30.000

Euskal Herriko musulmanak. Bizkaian 10.000 inguru musulman bizi dira, Assabil elkartearen datuen arabera. 6.000 bizi dira Nafarroan. Ez dago musulmanen erregistro ofizialik Administrazioan, baina Euskal Herrian 30.000 inguru dira, zenbait ikerketaren arabera.

@sarean

Islamari eta musulmanei buruzko informazioa aurki liteke gune hauetan:

wwwislamgurea.blogspot.com. Daud Khan sopeloztarraren bloga.

bidaya.nireblog.com. Emakume musulmanen Bidaya elkartearen gunea.

gurekorana.blogspot.com. Koranari buruzko azalpenak euskaraz.

Musulman denek ez dute egin behar derrigorrean

BARAUA DERRIGOR EGIN BEHAR DUTENAK

Heldu osasuntsuak. Heldu osasuntsu eta zentzuzko musulman guztiek egin behar dute baraua, gizon nahiz emakumeek.

BARAUA DERRIGOR EGIN BEHAR EZ DUTENAK

Hilekoa duten emakumeak. Hilekoa duten eta erditze ondorengo egunetan dauden emakumeek debekatua dute barau eta otoitz egitea. Geroago egin behar dute.

Adingabeak. Adingabeak ez daude Ramadana egitera behartuta, hala ere, haien gurasoek baraua egitera ohitu behar dituzte.

Adindu eta gaixoak. Adinduek, gaixoek eta pertsona ahulek ez dute derrigorrean baraua egin behar. Edonola ere, egunero gutxienez txiro bati janaria eman behar diote eta sendatzen diren gaixoek baraua egin behar dute osatu ondoren.

Noiz egiten da?

Egutegi islamiarra ilargiak zehazten du, eta egutegi unibertsalak baino 11 edo 12 egun gutxiago ditu. Ramadana ilargiaren egutegiko bederatzigarren hilabetean egiten dute eta ez du beti eguzki egutegiaren bederatzigarren hilabetearekin bat egiten. Aurten, irailaren 2an hasi zuten, eta hilaren 29an edo 30ean amaituko da, ilargiaren arabera.

Korana euskaraz

Aurtengoa Ramadan berezia izaten ari da, lehendabiziko aldiz Koranaren euskarazko bertsioa kalean baita. Iaz plazaratu zuen lana Ibaizabal argitaletxeak, Deustuko Unibertsitatearen ekimenez. Hala ere, ez da Koranaren itzulpen bat, islamaren hitz sakratua arabieraz soilik idatz daiteke eta; Koranaren euskarazko azalpena da.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)