Sexu abusuak egiteaz akusatuta ihes egin zuen adingabea, zentro itxira

Ustez erasoan parte hartu zuten hiru nerabeetako bi daude zentro itxian, eta bestea aske dago, zaintzapean

Berria, Erredakzioa, 12-08-2008

Donostia

Atxilotu dute joan den ostiralean ihes egin zuen 16 urteko mutikoa. Abuztuaren 3an Donostian emakume bati lapurreta eta sexu abusuak egitea egozten diote beste bi lagunekin batera, eta lehengo astean epailearen aurrean deklaratu baino lehenago, ihes egitea lortu zuen. Adingabeen Fiskaltzak berehala eman zuen gaztea atxilotzeko agindua, eta atzo bere kabuz agertu zen egunotan bizileku zuen etorkin adingabeentzako Donostiako zentrora. Ertzainak agertu eta segituan atxilotu zuten. Familiarik gabe dauden adingabe etorkinen ardura Gipuzkoako Diputazioak du bere gain, eta berehala baieztatu zuen atxiloketa. Epaileak hala aginduta, zentro itxira eraman zuten atzo bertan nerabea.

Gazte horrekin batera ustez emakume bati sexu abusuak egiteaz akusatuta dauden beste bi gazteak joan den ostiralean pasatu ziren epailearen aurretik. Gazteetako bat, hain justu, zentro itxira sartzeko agindu zuen epaileak, eta, bestearentzat, berriz, zaintzapean aske uzteko agindu zuen. Baina ez dago kalean.

Epaiaren berri izan eta berehala Gipuzkoako Diputazioa paperak bideratzen hasi zen, eta gazteak zaintzapean kalean aske egon beharrean zentro espezializatu batean egotea eskatu zuen. Eta, hain justu, arazoak dituzten gazteentzako terapiak jasoko dituela jakinarazi dute Foru Aldundiko iturriek. Adingabeen Fiskaltzak, berriz, bi adingabeak zentro itxi batean sartzeko eskaera egin zuen.

Villabonan bertan (Gipuzkoa) antzeko beste kasu bat gertatu zen uztailaren 27an. Bikote batengana joan ziren bost gazte, eta neskari sexu abusuak egin zizkioten, mutila jotzen zuten bitartean. Hiru gazte zentro itxian daude.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)