Afrika: saminaren ibilbideko seme-alabak

Berria, Batzarreko kidea eta NaBairen Tuterako Udaleko zinegotzia, 31-07-2008

Egun batzuetan, haien heriotzek bete dituzte lerroburuak egunkarietan eta minutu batzuetako tartea ere bereganatu dute telebistetan. Aurki, beste isilune bat gehiago izango dira, ez aurpegirik ez izenik ez duten hil batzuk gehiago, ez – inongo absente batzuk gehiago.

Immigrazioaren dramak kontinente guztiei erasaten die, baina egunotako tragediaren berezitasuna dela eta, Afrikaz ariko naiz. Giza eskubideen aldeko Andaluziako Elkarteak txosten bat egin du, Giza eskubideak hegoaldeko mugan, 2007 izenekoa – biziki gomendagarria da eta www.apdha.org webgunean irakurgai dago – ; ahanzturaren kontrako aldarri ozena da, eta datu ikaragarriak dakartza. Aurten, jada 235 afrikarrek galdu dute bizia Espainiako kostaldera iristeko ahaleginean. Barne Ministerioaren datuen arabera, 2007an 1.000 pertsona inguru hil ziren, itota, Afrikako eta Kanaria uharteetako kostaldeen artean. Marokoarren Komunikazio Elkartekoek eginiko kalkuluei jarraiki, berriz, 2007ko urtarriletik ekainera 3.000 pertsona hil ziren egiaz itsasoan antzeko inguruabarretan. Egoera araugabean dauden etorkinek gero eta bidaia luzeagoak eta arriskutsuagoak egiten dituzte, mugaldeko kontrol zorrotzak direla eta. Migrazioen kontrolek, ordea, ez die atzera eragiten immigratzea erabaki dutenei; aitzitik, eta SOS Arrazakeriak esan duenez, immigrazioa gero eta klandestinoagoa izatea dakar. Gobernuaren immigrazioari buruzko balantzeek ez dute aintzakotzat hartzen ezerezera kondenaturiko pertsona horiek pairatu behar duten oinazea. Grezia klasikoan gaizki tratatzen omen zituzten atzerritarrak, baina egungo Europan ere ez dituzte hobeto tratatzen immigrante afrikarrak, eskubiderik eza eta heriotza kondena – Gibraltarko itsasartean – pairatu behar izaten baitituzte. Pobreenetan pobreenek ez dute nahikoa kemen ibilbide amairik gabeko horri ekiteko, ez eta horrek ekarriko dizkien ezin konta ahala eragozpenei aurre egiteko ere. Gehienbat, gazte ikasien erabakia izaten da, ez baitute zirkinik egin gabe etsi nahi mundu pobretuak ezarri dien kondena lazgarrira. Biktimatzat dauzkan sistemaz baliatu nahi dute. Hobeto bizi ahal izateko emigratzen dute.

Hau da Espainiaren eta Europaren immigrazio politika: atzerritarren legea, burdin hesi hirukoitzak, atzerritarrentzat barnealdi zentroak, erbesteratzeak, patruila ibiltariak, hegazkinak, Frontex edo itsas mugen kontrola, Rabit edo mugetako esku – hartze berehalakoetarako taldeak, Lotsaren direktiba… Frontexa finantzatzeko, esaterako, 87 milioi erabili zituzten 2007an; aurten, berriz, 70 milioi erabiliko dituzte. Halaber, Europako Batasunak 87 milioi euro erabiliko ditu patruilak eta erbesteratze hegaldiak finantzatzeko. Amnesty Internationalek «gizakien merkataritza» deritzo Afrika Planari. Kanporatzeen protokoloa GKE guztiek arbuiatu dute, norbanakoen duintasunaren aurkakoa delako erabat. Kriminal gisa tratatzen dituzte etorkinak. Laguntzailerik gabeko adingabeak ere kriminalizatzen dituzte. PPk gizarteratze kontratu apalgarri bat proposatu zuen, eta PSOEk ere eskuin muturrekoei eman die botoa, Europako lotsaren direktibaren alde eta Europako Parlamentuko talde sozialistaren botoaren aurka. Horri, orain, Europako Immigrazio Ituna erantsi behar zaio. APDH Giza Eskubideen aldeko Biltzar Iraunkorrak dioenez, bada lotura halako bat diskurtso eta politika publikoen eta arrazakeriaren artean. Inbasioaren inguruko alegiak akuilatzen dituzte, eta etorkinak kriminalizatzen.

Afrikak baliabide oparoak ditu: gasa, petrolioa, mea bitxiak eta estrategikoak… Iparraldeak bidegabe ebatsi dizkio, ordea, eta bere bunkerreko ateak zeharo itxi. Lehen Mundua – lehenik, hirugarren munduaren kontura – jabetu delako baliabideez, eta estreinako kolonizatzaileek maiz gobernuaren ustelkeriak babestu izan dituelako, Afrika ez da behar bezala hazi. Afrikak ez du subiranotasunik ekonomian eta elikaduran. Horregatik, pobreak ugari dira: munduko herrialde txiroena, Niger, Afrikan dago – 177. tokian; Espainia, aldiz, 19. dago – ; bizi – itxaropena batez beste 45,6 urtekoa da han, eta 78,9koa da EBn. Gatazkak eta jazarpenak ere ugari dira: Darfur, Sudan, Somalia, Txad, Kongoren ekialdea, Kenya… Egoera horretatik ihesi, emakume eta gizon gazteek alde egiten dute Afrikatik, matxinoen aldarri bihurrikeriazkoaz, sarri itsasoan hondoratzeraino.

Eta, hemen, bitartean, zer egingo dugu gure paradisurantz hasi duten ibilbideko jaioberriekin, nahitaez hiltzera kondenaturiko horiekin? Gure isiltasunak dakartza, besteak beste, Europako lotsaren direktiba, atzerritarren legeak, burdin hesiak, Frontex kontrolak, Rabit esku – hartzeak eta antzeko trikimailuak; eta, horien bitartez, etorkinek ibilbide klandestinoetatik jo behar izaten dute, gure esku dugun mundu pribilegiatuaz gozatzeko irrika biziak akuilaturik. Elkartasuna ere zigortu nahi dute. Gogoratu besterik ez dago: hala nola iazko abuztuan Italian kartzelatu zituzten arrantzale tunisiarrak, 44 pertsona itota hiltzetik salbatu zituztenak; Frantzian erruduntzat jo zituzten lagunak. Elkartasuna, baina, bizirik iraun ahal izateko behar morala da. Elkartasunik gabe, gure arimarenak egin du, eta hutsaren hurrengoa da ezkerreko izatea. Gaur egungo Europan, elkartasuna du ezaugarri ezkerrak; eta, batik bat, immigrazioarekiko ageri duen jarrera. Are adierazgarriago dio hori Mario Benedettik poema batean: «Berrogei mila haur hiltzen badira, egunero – egunero, / gosearen eta egarriaren purgatorioan, / pobreen gorputz gaixotuen torturak / haien arimak doilortzen baditu, banan – banan, / eta boterea bere berrogeialdiez harropuzten bada, / edo pobre hotsandikoak / gero eta hotsandiz gabetuagoak eta pobreagoak badira, / berez larri samarra da / gizon bakar bat / edo emakume bakar bat / egotea, adia galduta, etorkizun neutroari so; / baina, aldiz, izugarria da, / lañoki izugarria, / gizateria osoa egotea sorbaldak jasota».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)