Immigrazio legea aldatzeko eskatu diote Ameriketako giza eskubideen taldeek EBri

Etorkinen auzia «hobeto kudeatzeko asmoz» larrialdi egoera ezarri du Italia osoan Silvio Berlusconik

Berria, Naiara Elola, 27-07-2008

CIDH Giza Eskubideen Amerika Arteko Batzordeak Europako Batasunari paperik gabeko etorkinak jatorrizko herrialdera itzultzeko legea aldatzeko eskatu dio. Erakundeko kideek sinatutako akordioan, Europako Batasuneko herrialdeek etorkinen giza eskubideen arloan dituzten betebeharrak zehaztu dituzte.

CIDHn Ameriketako zazpi herrialdek dute ordezkaritza – – AEB, Venezuela, Txile, Antigua eta Barbuda, Brasil, Argentina eta El Salvadorrek – eta lortutako hitzarmenean, Europako herrialdeei etorkinen inguruan bereizkeriarik ez egiteko eskatu diete. Beraz, hori lortzeko Giza Eskubideen Amerika Arteko Batzordeak immigrazioaren eremuan betebehar zerrenda zehaztea ezinbestekoa dela iritzi dio. Izan ere, bere ustetan, paperik gabeko etorkinak jatorrizko herrialdera itzularazten direnean ez dituztela jazarriko ziurtatzea ezinbestekoa da. Horrek etorkin bakoitzaren kasua bakarka aztertzea eragingo luke. Immigrazio gune diren herrialdeek ere erronka ugari dituztela onartu dute CIDHko kideek. Izan ere, arazo hau ebazteko neurriak hartzea ez da batere erraza.

Giza Eskubideen Amerika Arteko Biltzarreko zazpi kideek diote Europako Kontseiluak joan den hilabetean paperik gabekoen itzuleraren inguruan hartutako erabakiak etorkinen geroaren kezka sustatu duela. Aditu ugariren ustez, Europan hartutako erabakiak babes politikoa eskatzeko eskubidea dutenen egoera larriki jartzen du kolokan. Haien ustez, mota askotako arrazoiak izan ditzake pertsona batek bere herrialdetik joatea erabakitzeko, eta horiek guztiak kontuan hartzea ezinbestekoa da.

Hala eta guztiz ere, CIDHk argi utzi nahi izan du zuzenbidearen jarraibideei kasu eginez etorkinen inguruan hartutako erabaki guztiek gizabanakoaren eskubideak izan behar dituztela oinarri; pertsonen etorkizuna politika publikoen bitartez ezin dela ebatzi ere gaineratu du.

Europako Kontseiluak onartutako itzulera legearen bitartez, paperik gabe Europan dauden etorkinak 18 hilabetez eduki ahal izango dira atxilotuta eta ondoren kanpora bidaltzeko aukera izango da. Halaber, azken horiek ezin izango dira bost urtean Europako Batasunera itzuli. Lege horrek zortzi milioi etorkini eragiten die, eta gehienak Hego Amerikoak dira.

Larrialdi egoera Italian

Larrialdi egoera ezarri zuen herenegun Silvio Berlusconiren gobernuak azkenaldian jaso duten etorkin oldea dela eta. Ministroen Kontseiluak jakinarazi duenez, azken hilabeteetan Italiara iritsitako etorkin kopurua «izugarri handitu» da, eta horrek eragin du larrialdi egoera. Proposamena Roberto Maroni Barne ministroak egin zuen. Haren hitzetan, hartutako neurriak «isilpeko etorkinen fenomenoari» aurre egiteko dira. Datu ofizialen arabera, 2008ko lehenengo seihilekoan 10.611 isilpeko etorkin iritsi dira Italiara, eta iaz, berriz, data berean 5.378 iritsi ziren .

Italiako Gobernuak hartutako erabakia gogor kritikatu dute oposizioko kideek. Anna Finocchiaro PD Alderdi Demokratako senatariak, esaterako, larrialdi egoera guztiz gaitzesgarria dela adierazi du. Italian azkenaldian giza eskubideen kontra hartzen ari diren erabakiak gogor salatu ditu Finocchiarok.

 

Kanaria uharteak

151 etorkin iritsi dira bi egunean

Larunbat gauean 80 etorkin iritsi ziren txalupaz Kanaria uhartetako Gomera irlara. Horietatik hamar adingabeak ziren. Argazkian ikusten den lez, Gurutze Gorriko anbulantzia batek portura gerturatu behar izan zuen etorkinek medikuaren laguntza jaso zezaten. Denera, ostirala eta larunbata bitartean 151 etorkin iritsi dira itsasontziz Kanaria uharteetara. Aurreko itsasontziak 80 lagun zituen barruan. Horietako bat hilda zegoen.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)