Italiako Senatuak paperik gabeko etorkinen kontrako legea onartu du

Delituak egiten dituzten papergabeen kontrako zigorrak gogortzen ditu legeak

Berria, Erredakzioa, 24-07-2008

Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroaren beste neurri polemiko bat babestu du Senatuak. Herenegun goi agintariei, tartean lehen ministroari, immunitatea ematen dion legea sostengatu zuen – irekita dituen auzibideak bertan behera geldituko dira – ; eta, atzo, berriz, paperik gabeko immigranteen bizi – baldintzak oker ditzakeen neurria onartu. Orotara, 161 senatarik bozkatu zuten legearen alde eta 120k, berriz, kontra. UDC Demokrata Kristauen Batasuna alderdiko zortzi senatariak abstenitu egin ziren bozketan.

Gobernuak segurtasunaren aitzakian sustatu duen legeak, besteak beste, paperik gabeko etorkinen zigorrak astuntzen ditu delituen kasuan. Delituren bat egiten duten paperik gabekoen zigorrak, ildo horretan, gogorragoak izango dira; orain baino heren bat gogorragoak. Kondenatzen dituzten paperik gabeko immigranteak aberriratzea ere errazten du legeak. Bi urteko kartzela zigorrera kondenatutakoak erbesteratu ahal izango dituzte – orain arte hamar urteko kartzela zigorra behar zuten izan erbesteratuak izateko – .

Immigranteentzat ez ezik, legeak zigorrak ezartzen ditu haiek babesten dituztenentzat ere. Horrela paperik gabeko etorkinentzako etxeak alokatzen dituztenek sei hilabete eta hiru urte arteko kartzela zigorrak jaso ahal dituzte. Etxea ere konfiskatu egingo zaie kasu horretan.

Kaleetara, berriz, hiru mila soldadu aterako dituzte datozen sei hilabetetan.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)