Ijitoen karabanak heldu dira Angelura eta bertan astebete egingo dute

Berria, Amaiur Lujanbio, 22-07-2008

Baiona

Uda guztietan bezala, erlijio ebanjelikoari jarraitzen dioten ijito ibiltariak Lapurdiko kostara hurbildu dira aurten ere. Donibane Lohizunetik kanporatuak izan ostean, igande gauean ehun karabana inguru iritsi ziren Angelura, laurehun lagun orotara. Haien karabanak gune publikoan ezarri dituzte, Angeluko lerratoki eta talasoterapiaren artean, Cavaliers hondartzaren parean. Han astebete igarotzeko asmoa dute, aditzera eman dutenez. Jean Espilondo Angeluko auzapezarentzat onartezina da kanpalekua eremu horretan kokatzea, inguruko lasaitasuna trebatuko dutela irizten baitio. Hala ere, lege prozedura luzea denez, ez ditu bertatik kanporatuko, eta hor izanen dira igandera arte. BAMeko legedia berrikusi beharko litzatekeela adierazi du, horrelako kasuetan, neurriak hartzeko aukera izan dadin. Ebanjelistek bertan gelditzeko eskubide osoa dutela diote. Izan ere, Frantziako legediaren arabera, 5.000 biztanletik goitiko herrietan, jendea hartzeko harrera eremuak izatea derrigorrezkoa da. Angeluk 33.000 biztanle ditu. Legea beren alde dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)