Immigrazio politikarako neurrietan atzera egin behar izan du Frantziak

Frantziak amore eman eta «integraziorako kontratua» alboratu du, Espainiak eskatu lez

Berria, Ixiar Zubiaurre, 08-07-2008

Europako Batasuneko lan merkatura egokituko den immigrazioa du xede Frantziak proposatutako politika komunak. Espainiarekin luze negoziatu ondoren, Immigrazio eta Asilorako Europako Itunaren zirriborroa jarri du mahai gainean Frantziak, EBko txandakako presidentetza eskuratu eta egun gutxira. Hala, atzotik bilduta dauden 27 estatu kideetako immigrazio ministrok eta justizia eta barne ministerioetako arduradunek etorkinen auziari heldu diote Cannesen (Frantzia). Datorren urriaren 15ean, Bruselan, egingo den goi bileran berretsi beharko dute ituna. Frantziaren proposamenak Espainiaren eta Alemaniaren sostengua baino ez du oraindik.

«Migrazioek EBko hazkunde ekonomikoa laguntzen dute, zenbait estatutan bereziki, duten egoera demografiko eta lan merkatua dela medio». Hitzaurreak itunaren izpiritua laburbiltzen du. «Bizimodu hobeago baten bila dabiltzan etorkin guztiei duintasunez harrera egiteko adina baliabide ez du EBk». Paperik gabeko etorkinak hemezortzi hilabetez atxilotzeko aukera aurreikusten duen zuzentaraua indarrean jarri eta gutxira, estatu kideen ekonomia beharretara moldatuko den immigrazioa bultzatu asmo du Cannesen eztabaidagai den itunak. Arrazoi humanitarioez gain, arrazoi ekonomikoen arabera erregularizatu asmo dute etorkin askoren egoera. Honako hauek dira, besteak beste, itunak erdietsi nahi dituen helburuak: legezko immigrazioa antolatu eta integrazioa sustatu, paperik gabeko etorkinen aurkako neurriak indartu, mugako kontrolak sendotu, asilo politika bateratua eratu, eta etorkinen jatorrizko eta bitarteko herrialdeekin lankidetza sustatu. Bestalde, Canessen bildutako ministroek segurtasun indarren heziketa osatzeko polizien trukea egitea adostu dute.

Espainiaren helburuak beteta

Frantziak albo batera utzi ditu indarrean jarri asmo zituen hainbat neurri. Espainiak jarritako baldintzen aurrean amore eman behar izan du, adostasuna lortze aldera. Horiek hala, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroa pozik agertu da: «Espainiak eskatutako gehienak biltzen ditu Frantziak egindako proposamenak». Iragan ostegunean bi estatuek egindako negoziazio saioan azken zirriborroa hitzartu zuten. Orduan «integrazio kontratua» alde batera uzteko eskatu zion Espainiak, eta Frantziak men egin dio. Estatuko hizkuntza ikasi eta bertako legeak errespetatzeko konpromisoa hartu beharko lukete «integrazio kontratu» deritzona indarrean jarriko balute. Horren ordez, etorkinen eskubide eta betebeharren arteko oreka sustatuko duten politikak egingo direla dio itunak.

«Integraziorako kontratua» ez da jatorrizko testutik kanporatu den neurri bakarra. Frantziak erregularizazio masiboak debekatu nahi zituen, baina, Espainiako Gobernua neurri horren aurka agertu da. Proposamenak «erregularizazio orokorra» debekatuko direla jasotzen du; masiboetan, berriz, etorkin bakoitzaren egoera banaka – banaka aztertu ondoren erabaki beharko da beren egoera legezkotu hala ez.

Aukeratutako etorkinak

EBko lan merkatuak gidatu behar du immigrazioaren kudeaketa. Halaber, herrialde bakoitzak etorkinei harrera egiteko dituen baliabideak ere aintzat hartu behar dira. Indarrean jarri asmo den politikak gobernuei etorkinak nahierara aukeratzeko bide emango diela uste dute askok, baita Europako Batasuna gotorleku bihurtuko dela ere.

Itunarekin bat egiten dutenek, ordea, immigrazioaren politika komuna sortzeko beharra nabarmendu dute. «Nik ez dut hormarik ikusten Europan. Legez kontrako immigrazioa kontrolatu egin behar dugu, ordea», adierazi du Wolfgang Shauble Alemaniako Barne ministroak.

 

 

Ez dut hormarik ikusten Europan. Legez kontrako immigrazioa kontrolatu egin behar dugu, ordea»

wolfgang shauble

Alemaniako Barne ministroa

 

 

Itun proposamena

PUNTU NAGUSIAK

Erregularizazioak. Erregularizazio orokorrak ez dira onartuko, bai ordea, masiboak, salbuespenez eta etorkin bakoitzaren egoera aztertu ondoren.

Eskubide eta betebeharrak. EBko estatuek etorkinen integraziorako politikak sustatuko dituzte. Eskubide eta betebeharren oreka bilatuko da: hezkuntza, lana, segurtasuna eta zerbitzu publikoetarako eskubidea aitortuko zaie. Tokiko legeak errespetatzeko betebeharra ezarriko zaie, ordea.

Bisak eta mugak. Bisa biometrikoak jarriko dira martxan 2012rako, eta mugak zaintzeko Europako Polizia eratuko da.

Asiloa. Asilo eskaeren informazioa elkartrukatzeko bulego bat sortuko dute 2009rako. Prozedura bakarra eta araudi komuna sortzea du xede itunak.

Lankidetza. Etorkinen jatorrizko herrialdeekin bitarteko herrialdeekin lankidetza harremanak sendotzearen alde egiten du.

Familia. Etorkinek senitartekoekin bizitzeko duten eskubidea errespetatu beharko dute EBko estatu kideek.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)