Emigratzea ez da delitu

Berria, Agustin Unzurrunzaga, 18-06-2008

SOS Arrazakeria elkarteko kidea

Gaur, ekainaren 18an, erabakiko dute, Europako Parlamentuan, administrazio egoera araugabean dauden immigranteen atxilotzeak eta kanporatzeak bateratu nahi dituen Direktiba onartu edo ez.

Europako Parlamentuak onartu edo baztertu beharreko testu horrek agerian uzten du zer – nolako basakeriaz tratatu nahi dituzten egoitza baimena indarrean ez duten pertsonak. Nabarmentzekoak dira honako alderdi hauek:

- Pertsona horiek atxilotu eta kanporatzear dauden atzerritarrentzako zentro berezietan sartu ahal izatea, 18 hilabete artean. Gaur egun, Espainiako Estatuan, gehienera jota 40 egunekoa da barnealdi epea. Barne ministroak behin baino gehiagotan iragarria duenez, epe hori 60 egunera arte luzatzeko asmoa dute.

- Internamendu zentro berezietan sartzerik izan ezean, kartzelan giltzapetu ahal izatea pertsona horiek, modulu berezietan.

- Administrazio egoera araugabean dauden pertsona horiek iragaitzazko herrialdeetara kanporatu ahal izatea, herrialde horiekin inolako zerikusirik ez izan arren ere.

- Giltzapetu eta kanporatzeko neurriak ezarri ahal izatea laguntzailerik gabe etorritako adingabeei.

- Bereziki ahultzat jotako pertsonak (emakume haurdunak, adinekoak, adingabeak eta haien senitartekoak, torturen biktimak…) atxilotu eta giltzapetu ahal izateari buruzko bermerik eza.

- Europako Batasuneko herrialdeetan sartzeko debekua ezarri ahal izatea kanporatuak izan diren pertsonei, gutxienez hurrengo bost urte arte (gaur egun, Espainian, hiru urtekoa da herrialdean sartzeko debeku gutxienekoa).

Direktiba horrekin jo du gailurra 2002an hasi zen prozesuak, zeinak egoera araugabean dauden pertsonei eskubideak murrizten baitizkie – 2002ko apirileko Liburu Berdea, egoera araugabean dauden pertsonak atxilotu eta urruntzeari buruzkoa; 2002ko azaroko Kontseiluaren Ekintza Plana, immigranteak itzularazteari buruzkoa; 2004ko apirileko Erabakiak, Europako Erkidegoko charter hegaldiei buruzkoa; hainbat herrialderekin izenpetzea Berriz hartzeko Akordioak, batik bat Afrikarekin; kanporatzeen finantza kostuak banatzeari buruzko direktiba; eta abar – . Europako Parlamentuak direktiba proposamen bat landu zuen, immigranteen kanporatzeari buruzkoa, Europan bederen bateratu ahal izateko egoera arautu gabean dauden pertsonak atxiki eta kanporatzeari buruzko legedia – . Proposamen hartatik eratorria da, hainbat aldaketa gorabehera, orain onartu nahi duten Direktiba.

Alde batera utzirik Direktiba horretan onarturikoa Europako Batasuneko estatuek berehala aplikatuko duten edo ez, kontua da lege esparru bat eratuko dela horri esker; eta, Europako legediarekiko begirunez jokatuta ere, herrialde bakoitzean gogortu egin ahal izango dira administrazio egoera araugabean dauden pertsonen aurkako neurriak. Halaber, administrazio egoera araugabean dauden pertsona horiek kriminalizatzeko giroa sorraraziko du; aldi berean, sendotu egingo da xenofobia.

Egonaldia arautu gabe dutenen egoera kriminalizatzeko joera hori gero eta gehiago ari da zabaltzen Gipuzkoan ere. Azken hilabeteetan, gero eta ugariagoak dira polizia jarduerak: atxiloketak egiten dituzte mintzatokietan, tabernetan, lineako autobusetan eta baita kale gorrian ere. Pertsona horiek atxilotu eta polizia etxera eramaten dituzte, eta, hala, haien aurkako prozedura bat hasten da, herrialdetik kanporatzeko proposamena eta – zigor gisa – hurrengo hiru urtean herrialdean sartzeko debekua ezarriko diena. Kasurik gehienetan, kautela neurriak ere hartu ohi dira badaezpada ere: hala nola pasaportea kentzea eta, hamabostean behin, polizia etxean agertzera behartzea.

Arautu gabeko egonaldia ez da delitu, eta ez dute zertan zigortu kanporatzearekin, Gobernuaren Azpiordezkaritzak horretan tematuta dabiltzan arren. Atzerritarren Legeak berak isuna ikusten du zigor gisa; joera hori hartu du Justiziaren Goi Auzitegietako eta Auzitegi Goreneko jurisprudentziak ere, zeintzuek zigor neurrigabetzat jotzen baitute kanporatzea.

Bestalde, baldin Atzerritarren Araudiak aurrez ikusia baldin badu gizartean errotzearen bidez arautu ahal izatea egoera irregularrean dauden pertsonak, eta, horretarako, hiru urteren egonaldi jarraitua izatea eta erroldatuta egotea frogatzea galdatzen badu, batetik, eta, bestetik, urtebeteko lan kontratua ere izatea, zer dela – eta ari dira atxilotzen orain hainbat pertsona, hilabete batzuen buruan egoera arautua izango luketenak, beren lehenbiziko lan eta egoitza baimen eta guzti?

Kanporatze prozedurak hasteko bidea ematen diote administrazioari atxiloketa horiek, baina pertsona horiei eragotzi egiten diete gizartean errotzearen bidez egoera arautua izatea; izan ere, behin kanporatze espedientea eta horrek berekin dakarren debekua abian jarririk – herrialde horretan hurrengo hiru urtean ezin sartu izatea – , eragotzi egiten du haien egoera arautzeko eskatu ahal izatea, hiru urte lehenagotik erroldatuta egonagatik eta urtebeteko lan – kontratu eskaintza sendoak izanagatik ere. Horrez gainera, beldur giroa sorrarazten du, eta pertsona horiek klandestino bihurtzeko joera bultzatzen.

Edonolakoak izan gaitezke gizakiak: garaiak, baxuak, itsusiak, ederrak, gizenak, argalak, azkarrak, ez hain azkarrak, herabeak, irekiak edota beste hainbat motatakoak; baina ez gara legez kanpokoak, Bruselan halakorik esan arren.

(Erredakzioan itzulia)

 

Egonaldia arautu gabe dutenen egoera kriminalizatzeko joera hori gero eta gehiago ari da zabaltzen Gipuzkoan ere. Azken hilabeteetan, gero eta ugariagoak dira polizia jarduerak: atxiloketak egiten dituzte mintzatokietan, tabernetan, lineako autobusetan eta baita kale gorrian ere

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)