Afrikan giza duintasuna garatzeko 21 proposamen adostu dituzte Arantzazun

kontinente afrikarrari buruzko ii. astean lortutako ondorioak plazaratu dituzte "Afrika gure artean ere badagoela" gogoratu dute aste honetan zehar jardunaldietan bildu diren parte-hartzaileek

Diario de noticias de Gipuzkoa, joseba imaz, 16-06-2008

Donostia. Euskal Herriko gizarte zibilak “Afrikan giza duintasunaren alde” garatu daitezkeen 21 proposamenez osatutako zerrenda batekin amaitu zen atzo Arantzazun Afrikari buruzko II. astea. Kontinente afrikarraren inguruko erakusketa ibiltaria antolatzea eta senidetze forma ezberdinak prestatzea, besteak beste, jarri dute mahai gainean. “Eta ezin dugu ahaztu gaur egun Afrika gure artean ere badagoela”, ondorioztatu dute pasa den astean zehar jardunaldi horietan parte hartu duten adituek.

Baketik eta TAU Fundazioak antolatu dute aurten bigarren aldiz ekimen hori Arantzazun, kontinente afrikarreko biztanleen mesedetan “Euskal Herrikoa bezalako gizarte zibil europear batetik garatu daitezkeen proposamen zehatzak biltzeko asmoz”. Helburu horrekin, gainera, bi lan ildo markatu dituzte.Alde batetik, astelehenetik ostiralera Mbuyi Kabunda irakasleak zuzendutako ikastaroan “Afrikarekin elkarlanean aritzeko” era zehatzei buruz gogoeta zabala egin dute. Bestetik, erakundeei zuzendutako proposamen lehiaketa bat burutu dute, Egin gabe dugun horretan, zerbait gehiago egin ote dezakegu Afrikan giza duintasunaren alde egiteko?

Ekimen horren inguruan, 21 proposamen aurkeztu dituzte, guztiak “baliagarriak eta osagarriak” Mbuyi Kabundaren iritziz. Horietako bostek komunikazio arloarekin zerikusia dute: batek kanpaina bat proposatzen du Afrikari eskertzeko lehen munduari egin dizkion ekarpenak; beste batek, kontinentearen inguruko erakusketa ibiltaria eta bere egoerarekin zerikusia duten testuen irakurketa kolektiboak egitea proposatzen du; hirugarrenak Afrikaren esperientzia arrakastatsuen eta berritzaileei buruz gizartea informatzea planteatzen du; eta beste bik nazioarteko berri-agen-tziak ez ezik hedabide afrikarrak ere kontuan eduki daitezen eskatu dute.

Beste hamabi proposamenek “senidetze” forma desberdinak planteatzen dituzte Afrikako eta Euskal Herriko gizarte zibilaren artean. Amaitzeko, lau gogoeta-ildo ere mahaigaineratu dituzte Arantzazun: “geure buruari errealitate afrikarraz galdetzea; gugatik, gure duintasunagatik Afrikak zer egin dezakeen galdetzea; gure ongizateari buruz gogoeta egitea eta, azkenik, segurtasunik eza orokorraz piztutako sentipena gutxi-tzea”.

bost lehentasun Horrez gain, astelehenetik ostiralera abian jarritako ikastaroan beste hainbat erreflexio ere adostu dituzte. Alde batetik, “argi” geratu da Afrikan giza duintasunaren auziak bost lehentasun handi dituela: hezkuntza, osasuna, elikadura, Estatua eta ekonomia-eredua.“Afrikak jasaten dituen bidegabekerien arrazoi nagusi bat Afrikako nortasunaren, tradizioaren eta kulturaren gaitasun eta ahalmenekiko bat ez datozen ekonomia, politika gizarte eta garapen-ereduen ezarpen historiko eta bortitza da”, nabarmendu dute.

Horregatik, Afrikaren alde abian jartzen diren ekimen eta saiakera guztiak “eraldatzaile eta askatzaile” izan daitezen baldintza bat aurreikusi dute partaideek: “bere sendotasun tradizionalak, bere subiranotasuna eta bere giza-ondasuna bultzatzea”.

Dena den, parte hartzaileek azpimarratu dutenez, “entzutea eta senidetze-kontzeptua” Afrikan garatu behar diren arren, “ezin dugu ahaztu Afrika gure artean dagoela”.“Emigratzen duten eta gure herrietan bizi diren afrikarren babesgabetasunean eta itxaropen aurpegietan adierazita ikusten dugu”.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)