«Etorkinei buruz argitaratzen diren informazioetan ia dena da negatiboa»

raul martinez corcuera Xenomediako zuzendaria Etorkinak gutxitan ageri dira hedabideetan gizartean errotuta; astunak dira estereotipoak, uxatzen zailak. Horien aurka ari da Xenomedia plataforma.

Berria, , 08-06-2008

arantxa iraola

Donostia

Gaizkile bihurtzen dituzte maiz hedabideek etorkinak; gatazka eragile izaten dira, arriskutsuak. Beste askotan, errukigarri aurkezten dira; negarra eragiteko egokiak diren istorioetako protagonista. Estereotipo horien kontra dihardu Xenomedia plataformak. Bertako zuzendaria da Raul Martinez Corcuera (Laudio, 1967), eta azken bi hamarkada hauetan Katalunian badabil ere «etorkina naiz ni ere», Donostian izan da egun hauetan, hedabideei aniztasuna lantzen lagun diezaiekeen gida bat aurkezten (http://ad.mugak.eu).

Etorkinen inguruko estereotipoak gizartean sortzen dira eta hedabideek jasotzen dituzte? Edo alderantzizkoa da fenomenoa? Nola txertatzen dira ideia horiek iritzi publikoan?

Kontua da hedabideak ikuskizun bihurtu direla; albistegiek entretenigarri izan behar dute, ikuskizun. Eta gutxiengo etnikoei edo immigrazioari buruz mintzatzean, arazo da hori. Izan ere, estereotipo guztiak eta irizpide guztiak aregaotu egiten dira, puztu, eta ikuspegi oso ezkorrak sortzen ditu horrek. Begiratu etorkinei buruz argitaratzen diren informazioak; ia dena da negatiboa, eta ia beti lotzen dira gatazkekin. Hedabideek ikuzkizun behar dute: ez zaie interesatzen integratuta dagoen ikasle etorkina; txalupa batean bizia arriskuan jarri ostean etorritakoa behar dute, haren testigantza. Txalupetan iristen diren etorkinen kasuan, aski argigarria izaten da, egun horretan albistearen argazkia badago, egundoko tokia egiten diotela hurrengo egunean hedabideek. Argazkirik ez badago, ordea, albiste labur bat izaten da; txiki-txikia… Penagarria da. Ikuskizun huts-hutsa bilatzen da informazioaren esparru guztietan, eta, immigrazioaren kasuan, horrek kalte handia egiten du.

Baina hedabideek orain duten indarra izan aurretik ere gertatu dira horrelako fenomenoak. Beti eman du beldurra arrotzak, ezezagunak, eta askotan lotu dira gutxiengoak estereotipo ilun eta ankerrenekin…

Bai, diskurtsoak berberak dira; orain dela 2.000 urte ere antzekoak izango ziren, baina hedabideek orain eskaintzen duten bozgorailua aparta da, itzelekoa, eta fenomenoa hamaika bider biderkatzen du horrek. Horren aurka zer egin? Etorkinek gizartean herritar gisa duten partaidetza onartu behar da. Integrazio prozesu hori bultzatu ezean, ez da integraziorik egongo, eta integratzeko gogorik ere ez. Etorkin direla esan behar dugu, bai, baina herritar moduan ere aurkeztu behar ditugu; horrek emango die onespena.

Europa osoan diharduzue zuek lanean. Herrialde guztietan da hedabideen jarrera horren aldrebesa eta integrazioaren aurkakoa?

Badira auzi honetan murgilduta 40 urte baino gehiago daramatzaten herrialdeak, eta, jakina, horietako askok bide luzea egin dute. Beste toki askotan, berriz, orain ari gara egokitzen errealitate honetara; urte asko egin ditugu ia etorkinik gabe, estereotipo penagarriak zabaldu eta hazi dira gure artean, eta orain egokitu egin behar dugu. Herbehereetan, Erresuma Batuan eta beste zenbait herrialdetan aski kontrol zorrotza dago hedabideen gainean. Etorkinen elkarteak dituzte horretarako, eta ez dute edozein gauza ontzat hartzen.

Eta ikas dezakegu herrialde horietatik?

Kontua da, jakin, bagenekiela zer zetorkigun. Gogoan dut, orain urte batzuk mintegi bat egin genuen Bilbon, adituak ekarri genituen, eta agerian laga zuten zer egin behar genuen. Etorkinen partaidetza sustatzea ezinbestekoa zela nabarmendu zuten; argi esan zuten zer diskurtso saihestu behar ziren, indarkeria baino eragiten ez zutela eta… Baina diskurtso horietan erori gara, erori gara norbaiti komeni zaiolako erortzea. Immigrazioa, neurri batean, pagotxa da, gizarteko arazo asko tapatu, eta guztiaren errua etorkinei botatzeko balio duelako.

Eta nortzuek sustatzen dituzte diskurtso interesatu horiek?

Bada, une batzuetan, gobernuek eta alderdi politikoek; erabili egiten dute immigrazioa, beren interesen arabera. Eta hedabideek, sarritan, horren aurka ez dute deus ere egiten.

Erakundeak azkenaldian diskurtso aski ezkorrak sustatzen ari dira. Frantziak etorkinen kontrako neurria sustatu nahi ditu, Italiak ere bai, eta Europako Batasuna bera ildo horretan ari da…

Krisian gaude, eta krisi egoeretan beti behar da ahuntz-bururen bat, erru guztiak egotziko zaizkion norbait, eta immigrazioa aski aitzakia aparta izaten da horretarako. Sustatzen ari diren politikek argi erakusten dute ez dakitela nola egin aurre arazo ekonomiko hauei, eta, ordez, alderik ahulenaren kontra egitea ebatzi dutela. Badakite, gainera, gizartean, sostengua aurkituko dutela horretarako. Ahaztu egin nahi da horrelako fenomenoak beti gertatu direla; Katalunian oso ohikoa izan da. Gogoan dut, bertan bazen Andaluziako udalerri bat oso-osorik lekualdatu zena, herriko Ama Birjina eta guzti… Horrelako fenomenoak beti gertatu dira.

Baina egia da zenbaitetan gatazka iturri izaten dela immigrazioa…

Jakina, baina nork esan du etorkin guztiak pertsona zintzo eta onberak direla? Tartean badira pertsona oso gaiztoak, eta haiekin zorrotz jokatu behar da, gainerako herritarrekin bezala; kartzelara. Kezkagarriak sortzen diren estereotipoak dira, gezur handiak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)