Suitzarrek ezetz esan diote ultraeskuinak etorkinei buruz aurkeztutako ekimenari

Gara, GARA, 02-06-2008

Boto – emaileen %63,8k atzera bota du Suitzan, erreferendum batean, UDC alderdiak etorkinen «naturalizazio demokratikoak» izeneko proposamena. Gainerako alderdien ustez, ikutu xenofoboa zuen ekimena 26 kantoietatik batean baino ez da atera, bozen %59,9rekin.

Suitzan, etorkinei nazionalitatea emateko eskumena herri administrazioen esku ipintzeko proposamena aurkeztu zuen UDC (Zentroko Batasun Demokratikoa) alderdi ultraeskuindarrak, eta horri baietz ala ezetz esateko suitzarrak deitu zituzten atzo eguerdian itxi zen erreferendumean parte hartzera.

Emaitzen arabera, boto – emaileen %63,8k ezetz esan zion duela 15 urteko baldintzak ezarriko lituzkeen proposamenari. Izan ere, proposatutako testuaren arabera, nazionalitatea onartzeko edo ukatzeko prozedura aukeratzeko askatasun osoa izango luke komunitate bakoitzak.

«Naturalizazio demokratikoen alde» izeneko proposamenak 2003an Auzitegi Gorenak hartutako erabakia ezeztatzea eragin nahi zuen. Izan ere, auzitegiak konstituzioaren aurkakotzat jo baitzuen orduan metodo hori, diskriminatzaile izan zitekeelakoan.

2007an boz gehien jaso zuen UDC kenduta, Suitzako alderdi politiko guztiek ezetzaren alde egin zuten herri kontsultan. Era berean, Kontseilu Federala eta Parlamentua ere ultraeskuinaren ekimen horren kontra azaldu ziren.

Biztanleen %20 etorkinak izanik, naturalizazio alorrean Europako legedi gogorrenetakoa du Suitzak. Bertan hamabi urte bizi izana demostratu behar du etorkin batek nazionalitatea eskatu ahal izateko, eta herrialdean jaiotzeak ez du automatikoki eskubide hori ematen.

Baietzaren aldeko kanpaina egiteko, naturalizazio masiboaren mamua zabaldu zuen UDCk. Atzo jaso zuen kolpeaz gain, alderdi horrek aurkeztutako beste ekimen bat ere atzera bota zuten kantoi gehienek. Beraz, Parlamentuan gehiengoa izan arren, alderdi tradizionalengandik isolatuta dago gaur egun, xenofobotzat jotzen dituzten beren ideiengatik.

Suitzako ultraeskuinak egindako saiakera hau Italian edota estatu frantsesan zabaldu diren ekimenekin bat dator. Atzo bertan, Roberto Maroni Barne ministro italiarrak baimenik gabeko immigrazioarekiko «tolerantzia zero» hitzeman zuen Iparraldeko Ligako jarraitzaileen aurrean.

Bestalde, etorkinen kontrako legeak gogortzeko asmoa azaldu du dagoeneko Nicolas Sarkozy Estatu frantseseko presidenteak, eta neurri errepresiboak bateratzeko asmoa defendituko du uztailaren 1ean hartuko duen Europar Batasuneko presidentziatik. Gainerako estatuei immigrazioari buruzko itun bat aurkeztu nahi die, eta «integrazio kontratua» aipatu du proposatuko dituen neurrien artean.

Boto – emaileen %63,8k ezetz esan dio UDCren proposamenari. Suitzak dituen 26 kantoietatik, alemanez mintzo direnetan emaitza estuagoa izan zen, eta baietza Shwyzekoan baino ez zen gailendu (%59,9).

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)