Larrepetit

Lana

Berria, Leire Bilbao, 28-05-2008

Egin ez duen euriak ere busti egiten du batzuetan, ari da pentsatzen Arantza egunkariko orriak pasatu bitartean. Te bat eskatu dio goizero joaten den kafetegiko zerbitzariari. Euro bat eta hamar kobratzen dioten ur berotu hori. Eta hamar errepikatu dio euskaraz barraz bestaldeko zerbitzari hegoamerikarrak, euro eta? ondo entzun ez duen keinua egin dion neskari. Euskaraz ikasi zuen lehendabiziko gauza zenbatzen izan zela azaldu dio ondoren kamareroak. Bat, bi, hiru… hamar. Eta euskaldunak maitekorrak behar genuela izan, berarentzat amar aditza zena guretzat hamar bat bazen. Horregatik erabaki zuela hemen gelditzea. Irribarre txiki bat aterarazi dio Arantzari, baina egunkariko orrien artean ostrukarenak egiten jarraitu du berriz.

Etorkinak Euskal Herriko biztanleriaren ehuneko bost direla ari zen justu irakurtzen. Eta aurreiritzi askoren aurka, jasotzen duten baino ekarpen handiagoa egiten diotela euskal ekonomiari. Beraien gastu soziala zergena baino murritzagoa dela, halaber, eta bertoko emakumeak lan mundura sartzea ahalbideratu dutela bestalde.

Zenbakitan besterik ez dituzte neurtzen, pentsatu du Arantzak bere baitarako eta zerbitzariarengana jiratu da.

Eta zer egiten zenuen zure herrialdean? ausartu da galdetzera.

-Matematikaria nintzen. Zeroak biderkatzen ziharduen matematikaria.

-Eta bueltatzeko asmorik?

-Ez nago ziur. Zuek eta gu, han eta hemen, badirudi lanerako baino ez garela bizi.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)