«Hizkuntza berriek euskarari lekua berreskuratzen lagun diezaiekete»

Etorkinen hizkuntzen eta euskararen arteko bizikidetza lor daitekeela dio Junyentek, «etorkinak euskal hizkuntzaren bidez gizarteratzeko apustua egiten bada».

Berria, irune berro, 24-05-2008

Bilbo

Carme Junyent Bartzelonako Unibertsitateko Hizkuntzalaritza irakasleak (Masquefa, Bartzelona, 1955) hizkuntza gutxituen eta immigrazioaren hizkuntzen arteko bizikidetza estrategiei buruzko hitzaldia egin zuen atzo Bilbon.

Nola biziraun dezake ama hizkuntzak jatorrizko hizkuntz komunitatetik kanpo?

Bizirik irauteko nahitaezkoa da hizkuntza hitz egiten duen jendea egotea. Pertsona bat baino gehiago izatea, eta haien jatorrizko hizkuntzan hitz egiteko erabakia hartzea.

Zertarako balio du ama hizkuntzak? Zer garrantzi du?

Ama hizkuntzak sortzen du pertsona. Eta, beraz, ama hizkuntzaren bidez egingo dio pertsona batek gizateriari ekarpenik handiena. Hizkuntza ez da komunikatzeko tresna hutsa. Komunikatzeko, kode berbera partekatzea aski da, baina ekarpen bat egiteko hizkuntza behar – beharrezkoa da. Hizkuntza da tresna gure barrenean dugun onena gizateriaren esku jartzeko. Horregatik, gureak ez diren beste hizkuntza batzuetan mintzatzen garenean, ez gara ezer gurea ematen ari. Beste batena den zer edo zer baizik.

Alde horretatik, zer zentzu du hizkuntza transmisioak?

Funtsezkoa da. Transmisiorik gabe ez dago hizkuntza baten etorkizuna ziurtatzerik.

Ama hizkuntza garatzeko arazoak dituzten pertsonek zer jarrera dute hizkuntza gutxituekiko?

Esango nuke bunkerizaziorako joera dagoela. Hau da, ama hizkuntza soilik mantendu nahi izateko jarrera ari da gailentzen. Baina gaur egun halako egoerarik mantentzea ezinezkoa da. Hemen aurkezturiko azterketak [Hizkuntzak eta immigrazioa] argi uzten du ez dela bideragarria: EAEn ehun hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira. Beraz, Euskal Herri euskalduna ez da posible. Ez immigrazioaren ondorioz, lehenago ere beste hizkuntza batek hartu baitu euskarari zegokion lekua. Euskara hizkuntza bakar gisa bultzatzeko ezintasunak kezkatuta, beste hizkuntzak, etorkinek ekarritakoak, mehatxu gisa ikusteko arriskuan eror daitezke asko. Horregatik, halako ideiak bazter utzi eta gauza bat ikasi beharko genuke denok: hizkuntza berri horiek balio behar dutela hemengo hizkuntza berriro kokatzeko. Alegia, orain arte euskarak izan ez duen lekua hartzen laguntzeko balio behar dute hizkuntza berriek. Gizarte elebidun baten aldeko apustua egiten badugu, okerreko norabidea hartuko dugu. Elebitasunak hizkuntza ahulak ordezkatzeko joera baitu.

Nola uztar daitezke herri bateko hizkuntza eta etorkinen hizkuntzak? Ez dirudi erraza, kontuan hartuta euskal herritar eta etorkin askok euskaraz ez dakitela.

Zaila da, baina ez ezinezkoa. Nolanahi ere, gizarteak erabaki beharko du euskarak iraun behar duen. Euskal herritarrek euskarak irautea nahi badute, horren alde egin beharko dute lan. Eta modu bakarra dago: euskal herritarrei euskaraz bizitzeko tresnak eman behar zaizkie. Euskal Herrian gauza batek harritzen nau – eta Katalunian hasi da gertatzen, tamalez – : egunean zehar euskal hiztun batek hainbat alditan uko egin behar dio euskara erabiltzeari. Giza eskubideen kontrako atentatua iruditzen zait. Zure etxean, zure hizkuntzari uko egin behar izatea ikaragarria da.

Zer egin daiteke etorkinek euskara ikasteko kontzientzia hartzeko? Oinarrizko beharrak beterik ez dituztenek zer jarrera izango dute hizkuntza berri batekiko?

Gizartearen parte izatea ere oinarrizko beharra bada. Aukeratu duzun gizarteko kide izatea oso garrantzitsua da, bertan bizi baitzara eta bertan haziko baitira zure ondorengoak. Katalunian eredu bat jarri dugu martxan: katalanez hitz egiten duzu, beraz, katalana zara. Hizkuntzaren bitartez gizarteratzeko eredua da. Europako beste herri batzuengandik ez dut uste ezer ikas dezakegunik. Ez baitago herririk aukera berdintasunean oinarritutako parte – hartze eredurik garatu duenik, etorkinei begira. Katalunian hizkuntza gizartean txertatzeko tresna gisa erabiltzea erabaki dugu, jakinik hizkuntza ikastea etorkin ororen esku dagoela. Edozeinek ikas dezakeela hizkuntza bat.

Posible da herri batean bertako hizkuntzaren eta etorkinen hizkuntzen arteko bizikidetza? Ez dago batzuek besteak zapaltzeko arriskurik? Ez dago etorkinen hizkuntzak baztertuta geratzeko arriskurik?

Norberak hartu beharreko erabakia da, hezkuntza sistemak ezin baititu ehun hizkuntza hartu bere gain. Nolanahi ere, jatorrizko komunitatearekiko lotura mantentzen duten pertsonak gizarte berrian integratzeko erraztasun handiagoak dituzte. Antropologiak erakutsi du. Bere jatorriarekiko interesik ez dutenentzat edota herritar globalak deitzen diren horientzat ez da errazagoa gizartean barneratzeko prozesua. Hartu dituen herrian ekarpen bat egin dezaketela sinetsita daudenak dira ondoen gizarteratzen direnak. Beraz, ez dute atzean utzi behar beren iragana, beren jatorria eta hizkuntza. Areago, hartu dituen herriak aintzat hartu behar ditu herri eta kultura horiek, baloratu behar ditu. Ezin ditu mespretxatu, eta ezin da haiek irensten saiatu ere.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)