Lurmutur Hirira zabaldu da etorkinen aurkako erasoaldia

Hegoafrikako indarkeria oldarraldiari aurre egiteko Polizia iritsi ezinda dagoela adierazi du eledun batek

Berria, ekain rojo, 24-05-2008

Hegoafrikako Poliziak kontrolpean du hein handi batean etorkinen aurkako indarkeria sortu zen Johannesburgoko auzune txiroa. Haatik, herrialde osora zabaltzen hasi den erasoaldia apaltzeko iritsi ezinda dagoela aitortu du Lesego Metsi ipar – mendebaldeko lurraldeko komisarioak. Talde armatuek Lurmutur Hirian ere eragin zituzten atzo istiluak azken egunetako oldarraldian lehen aldiz. Immigranteen aurkako xenofobia prebenitzeko egindako bilera publiko baten ostean eragin dituzte liskarrak. Poliziari jarraiki, etorkinen saltokiei eraso diete eta hamabi pertsona zauritu. Hildako bat izan da auto batek azpian harrapatuta, eta 500 laguni gizarte etxeetan eta polizia etxean eman diete babesa. Hamabi atxilotu izan dira.

Hego – ekialdean, Indiako Ozeanora ematen duen Durban hiritik gertu, atzerritar bat tiroz zauritu dute. Catomanor herrian gertatu da erasoa, bezperan malawiar bat hil ondoren. Indarkeria ekintzek beldurtuta, Zimbaweko, Malawiko eta Mozambikeko 500 bat immigrantek polizia etxean aurkitu dute babesa. Batik bat Zimbaweko herritarren aurka eta mozambiketarren kontra zuzendu da egunotan oldarraldi xenofoboa, baina, Pakistango etorkinen gutxiengoa ere pairatzen hasi da. Ipar – mendebaldeko lurraldean bi pakistandar sastakatu dituzte, besteak beste, eta kanpotarren saltoki bat kiskali. Free State izeneko Hegoafrika erdialdeko lurraldean harrika eraso zieten bezperan pakistandarrei.

«Ahalik eta gehien erabiltzen ari gara gure baliabideak, baina krimen bat gertatu den tokira heltzen garen aldiro, beste edonon liskarrak direla oharra jasotzen dugu», azaldu du Lesego Metsi komisarioak. Maiatzaren 11n Johannesburgoko Alexandra auzo txiroan indarkeria lehertu zenetik, gutxienez 42 lagun hil dituzte eta ehunka zauritu. Ikaratuta, alde egiten ari dira bizimodu hobearen bila Hegoafrikara joandako milaka immigrante. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak dio 17.000 desplazatu baino gehiago eragin dituela indarkeriak. Hegoafrikako Segurtasun Ministerioaren ustez, 25.000 dira. Poliziak 500 pertsona atxilotu ditu orotara.

Euren etxola xumeetatik indarrez atera dituzten etorkinek gizarte zerbitzuen eta Poliziaren aterpetxeetan aurkitu dute behin – behineko babesa neguaren hasieran. Sorterrira itzultzeko beldurrak Hegoafrikan jarraitzeko adorea ematen die, egoera bere onera etorriko den itxaropenarekin. Izan ere, herrialdean bizi diren bost milioi atzerritarretatik hiru Zimbawekoak dira. Denak ere ihesi joan ziren sorterriko krisi ekonomiko latzetik eta Robert Mugaberen erregimenaren jazarpenetik. Hala ere, askok muga zeharkatu dute Afrikako herrialde oparoenean zuten ametsa galdu ondoren. Apartheid – a gainditu, eta aniztasuna bultzatu zuen gizarte tolerantearen irudia lausotu du indarkeria xenofoboak. Herrialdeak 2010eko futbol Munduko Kopa hartuko du.

HEGOAFRIKARREKIN ASALDATUTA. Sorterrira itzuli diren milaka mozambiketarrek Hegoafrikako gizarteak eman dien tratua salatu dute. Ludoviko Chuqela soziologoaren hitzetan, esker txarrekoak dira hango herritarrak. ANC Afrikar Kongresu Nazionaleko alderdiak, une honetan Hegoafrikan agintean dagoenak, Mozambiken apartheid garaian babesa jaso zuela gogorarazi du Chuquelak. «Mozambiken bonbardaketak jasan genituen guk ANCko baseak genituelako, baina badirudi oroimen eskasa dutela, eta ahantzi egin dutela hori».

Hegoafrikako meatzeetan 50.000 mozambiketar ari dira lanean, besteren artean, bertakoek egin nahi ez duten lanean. Krisi ekonomikoan murgilduta dago estatua, baina kontinenteko oparoena da edonola ere. Mozambike, ordea, munduko estatu txiroenetakoa da. Tinei Murimbechi Zimbaweko gazteak hala azaldu du jendez gainezka sorterrira doan autobusa hartzea. Saltokia erre berri diote: «Nire aurrean hiru pertsona hiltzen ikusi ditut. Bat laurdenkatu egin zuten, beste bati tiro bat eman zioten, eta bestea makilaka hil zuten. Etxera noa, hilabetez gutxienez, dena baretu arte».

 

«Hegoafrikako herritarrak esker txarrekoak dira, guk ANCko baseak izateagatik erasoak jasan genituen»

Ludovico chuquela

Mozambikeko soziologoa

«Nire aurrean hiru pertsona hiltzen ikusi ditut, eta etxera noa hilabetez gutxienez, dena baretu arte»

Tinei murimbechi

Zimbaweko etorkin gaztea

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)