Europan ere 'berlusconikeriak'

Berria, Arantxa Elizegi, 25-05-2008

Segurtasunerako Legedia deitu dute, eta «bihozbera» dela diote. Aste honetan bertan Italian onartu duten egitasmoaren arabera, paperik gabe herrialdean sartzea delitu izango da aurrerantzean, eta sei hilabete eta lau urte arteko kartzelarekin zigortuko dute; horretaz gain, bi urte baino gehiagoko zigorra jasotzen duen oro kanporatu egingo dute. Zigorrak ez dira, ordea, etorkinentzat bakarrik; paperik gabeko immigranteren bat etxean hartzen duenari hiru urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete. Baina lasai, ez kezkatu. Italiako agintariak bihozberak dira, eta horregatik legea ez dute aplikatuko larrialdi kasuetan. Alegia, ehundik gora etorkin daramatzan ontzia kostan hondoratzen bada, ez dituzte kartzelan sartuko. Ez behintzat hasieran. Hala azaldu du Niccolo Ghedinik, lege proposamenaren egileak. «Egitasmoak legezkotasuna, gizarte – ratzea eta harrera bultzatzen ditu».

Silvio Berlusconiren koalizioak Legebiltzarrerako bozak irabazi zituenean, ikusia zegoen zer gertatuko zen. Italiarrek aukeratu zuten, ekonomia bultzatuko zuelakoan. Orain ondorioak pairatu beharko dituzte. Izan ere, krisi ekonomikoak etorkinekiko mesfidantza handitu duela baliatu du lehen ministro berriak aspaldian buruan zuen politika indarrean jartzeko. Bizimodu hobe baten itxaropenarekin Europara datozen etorkinei ateak ixteko, alegia.

ESKUBIDEAK. Italiarrek beldurrik ez izateko eskubidea dutela dio Berlusconik. Eta lan bila doazen atzerritarrek? Zein eskubide dituzte horiek? Amnesty Internationaleko buru Irene Khanek egin du beste inork egin ez duen galdera: «Zein da politika horien helburua? Etorkinek igaro behar dituzten arriskuak murriztea ala Europako sarrera ixtea ondorioez kezkatu gabe?». Haren hitzek, ordea, ez dute inoiz eraginik izan Berlusconirengan, eta ezta haren ingurukoengan ere. Hara bestela zer dioen Ghedinik berak legea gogorregia dela diotenei erantzunez: «Legez kanpoko immigrazioa lau urteko kartzelarekin zigortzea ez da neurri berria. Badira antzeko neurriak dituzten beste herrialde batzuk ere».

Tamalez, ez zaio arrazoirik falta. Azken berlusconikeriaren berri izatean eskuak burura eraman dituzten buruzagi asko etxean ere antzeko politikak bultzatzen ari dira. Alemanian, esaterako, 18 hilabete arteko kartzelara zigortu ditzakete etorkinak «ihes egiteko arriskua» dagoenean. Legea berdin aplikatzen da adingabeetan ere. Datu bat: 2002 eta 2005 artean, Berlinen, ehun adingabetik gora izan zituzten preso. Horretaz gain, salaketak aurrera egiteko aukerak dituenean soilik lor dezakete doako lege laguntza.

Europako Batasunak, berriz, egitasmo berria onartu du, immigrazioaren kontrako legediari mugak jartzeko aitzakiarekin. Jarri bai, jarri dizkio, baina noren mesedetan? Ekainaren hasieran Europako Parlamentuan eztabaidatuko duten araudiaren arabera, sei hilabetera mugatzen da paperik gabe sartzen direnentzako atxiloaldia, baina «arriskua» dagoenean hemezortzira luza daiteke; bide beretik, behin EBko kide den herrialderen batetik kanporatua izan denak, ezin izango du berriz Batasunean sartu bost urtean. Epe hori luza daiteke pertsona horrek delituren bat egin badu.

ERANTZUKIZUNA. Egia da, Europako zenbait herrialderen immigrazio politika Batasunak adostu duena baino are gogorragoa dela – Italiarena, kasu – ; baina egia da, baita ere, EBko estatu gehienen legedia malguagoa dela. Bruselak, ordea, araudi gogorragoa dutenen alde egin behar izan du, lege proposamena onartuko bazuten. Izan ere, atxiloaldiari 18 hilabeteko muga jarri zioten lehen aldian, hamar herrialdek atzera bota zuten «malguegia» zelako.

Ez du axola egiaz bertakoek nahi ez dituzten lanak soilik izatea kanpotarrentzat; egoera okertzen hasten denean errazena errua atzerritarrei bota eta ateak ixtea da. Inork ez du galdetzen zergatik etorri behar duten Europara Afrika, Asia edo Europa Ekialdetik. Mendebaldeak koloniatzat izan ditu mendeetan orain kanporatu nahi dituzten etorkin horietako askoren aberriak. Musu truk ustiatu ditu hango natur baliabideak, eta gaur egun oraindik enpresa asko eta askok herrialde horiek baliatzen dituzte eskulan merkea lortzeko. Espainiako Errefuxiatuarentzako Erakundeko buru Mauricio Valientek halaxe dio: «Gure herrialdeen ekonomiari eusteko behar ditugu, baina ez dizkiegu onartzen herritar eskubideak». Ghediniren esanetan, ordea, immigrazio legea ez da etorkinak kriminalizatzeko. Eskerrak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)