Paperik gabekoen kontrako zigorrak gogortzea onartu du Europako Batasunak

Lege egitasmoak ez dituela giza eskubideak kontuan hartzen ohartarazi dute hainbat erakundek

Berria, arantxa elizegi, 23-05-2008

«Europarako sarrera oso zaila da eta Europako Batasunak hartutako neurriek egoera okertuko dute», ohartarazi du AI Amnesty International erakundeko buruzagi Irene Khanek. Haren hitzak, ordea, ez dira EBko enbaxadoreenganaino heldu, eta kontinentean sartzea zailduko duten neurri sorta onartu zuten atzo. Bi dira proposameneko puntu nagusiak: behin Europatik kanporatua izan den etorkin batek ezingo du bost urtean Batasunera itzuli; eta 18 hilabetera luza daitekeen sei hilabeteko atxiloaldia ezar dakioke etorkin bati, haren jatorria argitzeko arazoak daudenean.

Bi urte luze behar izan dituzte EBko estatuek denen gustukoa izango den proposamenean adosteko. Denborarekin, zuzentarauan jasotako neurriak gogortu behar izan dituzte, zenbait kideren baiezkoa jasoko bazuten. Beste batzuk, ordea, ez dute begi onez ikusten legedia. Europako Alderdi Sozialistak, esaterako, gehieneko atxiloaldia sei hilabetera mugatzea eskatzen du, luzatzeko aukerarik gabe. Horiek hala, ekainaren hasieran proposamena Europako Legebiltzarrera eramaten dutenean, eztabaida luzea eta gogorra izango dela espero da. Dena den, eta azkenean proposamenak Barne eta Justizia ministroen onespena jasoko balu, 2010ean sartuko litzateke indarrean, onartu eta bi urtera alegia, eta soilik Schengen eremuko kide diren herrialdeetan. Beraz, Erresuma Batuak, Irlandak eta Danimarkak orain arteko legediarekin jarraituko lukete.

BATERATUA, BAINA ZIRRIKITUEKIN. Besteak beste, 27 estatu kideen immigrazio politikak bateratzea zen Bruselaren asmoa, eta neurri batean bada ere, lortu du helburua. Dena den, onartutako proposamena ez da erabat zurruna, estatu kideek izango dute askatasunik hainbat erabaki hartzeko garaian. Lege laguntzaren auzia da kasu horietako bat.

Laguntza doakoa izatea zen EBren hasierako asmoa, baina zenbait herrialde horren aurka zeudela ikusita, atea zabalik uztea erabaki dute. Ondorioz, etorkinentzako lege laguntza doakoa izan daiteke horiek jaso dituen herrialdeko legediak aukera hori jasotzen badu. Horrek, ordea, giza eskubideen aldeko taldeen kezka eragin du, izan ere oso gutxi dira doako laguntza eskaintzen duten estatuak; eta horrek esan nahiko luke etorkin asko eta askok ez dutela beren eskubideak zein diren jakin ere egingo. Horiek hala, AIk eta Errefuxiatu eta Erbesteratuentzako Europako Kontseiluak zuzentaraua atzera botatzeko eskatu diote Europako Parlamentuari.

Lege laguntzarena, baina, ez da legediak duen hutsune bakarra. Beste hainbat puntu nagusik aukera ematen diete estatuei zigor zorrotzenak bultzatzeko. Esaterako, bost urtez EB sartzeko debekua luza daiteke «pertsona hori segurtasunerako arriskutsua» bada. Bruselak, ordea, ez du zehazten zeintzuk izan daitezkeen «arrisku» horiek.

«Zein da politika horien helburua etorkinek igaro behar dituzten arriskuak murriztea, ala Europako sarrera ixtea ondorioez kezkatu gabe?», gaitzetsi du Khanek. Haren esanetan, Bruselak bultzatutako politikak ez ditu etorkinen giza eskubideak kontuan hartzen. «Ez du axola nortzuk diren edo zergatik egiten duten ihes, denak susmagarritzat eta arriskutsutzat dituzte».

KRITIKAK ETA TXALOAK. Orotariko iritziak eragin ditu EBko enbaxadoreek hitzartutako testuak. Batzuentzat urrats handia da, baina beste batzuk ez daude erabat konforme erabakitakoarekin. Alemaniako eurodiputatu Manfred Weber da proposamenaren alde agertu denetako bat: «Hamar – hamabi milioi etorkin inguru ditugu, eta esklabotzan bizi dira. Erabakiak haien egoera hobetuko du».

Beste aldean daude, berriz, gauzak hobeto egin zitezkeela uste dutenak. Frantziako eurodiputatu Martine Roureren iritziz, atxiloaldia 18 hilabetera luzatzeko aukerarik ez luke jaso behar testuak. Hamar dira etorkinen atxiloaldiari mugarik jartzen ez dioten estatuak, Estonia, Finlandia edo Suedia kasu. Baina beste batzuk soilik bi hilabeteko atxiloaldiak jasotzen dituzte, Portugalek esate baterako. Horiek hala, 18 hilabeteko gehieneko muga jarritakoan, estatu kide gehienen legedia gogortu dute.

 

«Ez du axola nortzuk diren edo zergatik egiten duten ihes, denak susmagarritzat eta arriskutsutzat dituzte»

irene khan

amnesty internationaleko zuzendaria

«Milioika etorkin esklabotzan bizi dira; erabakiak haien egoera hobetuko du»

manfred weber

alemaniako eurodiputatua

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)