Iristeko arriskua

Berria, Uxue Apaolaza, 18-05-2008

Espainian gorroto dituzte errumaniarrak, eta badirudi Italian ere antzera gertatzen ari dela, edo areago. Italiako politikarien deklarazioak entzun eta ileak tentetu zaizkit; Napolin ijitoen bizilekuekin gertatuak izutu. Frantziatik Sarkozy aroa hasi denetik bidali dituzte beren territoriotik dagoeneko bertakoak zirenak ere.

Bere burua ezkertiartzat duen jendea ere ari da marmarrean, beharbada errumaniarra jipoitu gabe, baina justifikatuz ia. Lehen pausoa emana dago. Dagoeneko ez dira gu bezain pertsona; gaizkia haien baitan dago, eta gure gaitza dira.

Israelen hirurogeigarren urteurrena ospatzen ari diren honetan, Europak gogoratu behar luke Hitler bere kreazioa izan zela, eta beharbada utzi behar lioke berriro horrelako artista bat sortzeko lehengaiak jartzeari.

Hitlerrek exajeraziorako joera zuen, baina aurretik juduen irudia lokazten beste asko aritu ziren, eta ez genuen krematorioen usaina aditu Europa guztia kez bete zen arte. Hitler azken pausoa izan zen, baina ez zuen bidea bakarrik ibili. Ez dakit zenbateko bidea dagoen pertsona deshumanizatzetik berarekin xaboia egitera; nik badaezpada ere, ez nioke bideari ekingo; iristeko arriskuagatik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)