Kezka

Berria, Amagoia Iban, 18-05-2008

Europako Batasunak kezkaz begiratzen diola Italiari. Orain artean, baina, ez duela lege komunitarioa hausten duen punturik sumatu Berlusconiren gobernuaren paperik gabeko immigranteen aurkako politikan. Europak bere buruari begiratu behar lioke kezkaz, beraz, bere legediak Berlusconirenak bezalako neurri faxistei bide ematen dielako, immigranteak disekzionatu eta kalitatearen arabera sailkatu beharreko animalien pare jartzen dituelako.

Suitzako Asilo eta Atzerritarren Lege beldurgarriei – – egotziak izateko agindua daukaten atzerritarrei aterpe ematea 5 urteko kartzelaz zigor daiteke, adibidez – – tokia egin zienean bezala, ordea, Europak nahiago du besteei begiratu, kezka aurpegia jarrita.

Eta aurpegiak aitatu ditugunez, Maria Teresa Fernandez de la Vegarenaz hitz egin beharko. Italiako egozte politikaz gaizki esaka jardun zuen egunaren bezperan, patera bat lehorreratu zutelako Almeriako portuan. 75 pertsona zihoazen, bost haur tartean. Lehen laguntza eman ostean, haurrak ez beste guztiak Espainiako Poliziaren esku utzi zituzten, haien jaioterrira egozteko. Paperik gabekoek jaioterrira bueltan bidaliak izateko eskubidea dutela diolako Espainiako legediak ere. Europaren kezkari esker betiere.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)