Giza eskubideen alde konpromisoa hartzeko kanpaina abiatu dute

Eusko Jaurlaritzak sustatu duen ekimena 11 pertsona ezagunek sinatutako agiria aurkeztuta hasi da

Berria, aitziber laskibar, 16-05-2008

Bilbo

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala sinatu zeneko 60. urteurrena bete dela eta, itunaren aldeko kanpaina abiatu du Eusko Jaurlaritzaren Justizia Saileko Giza Eskubideen Zuzendaritzak: …eta ez balego?. Galdera horrekin abiatu du kanpaina, giza eskubideei buruzko hausnarketa sustatu eta horiek errespetatzearen garrantziaz ohartarazi nahian. Eskubideen aldeko konpromisoak jasotzeko helburuz eginiko adierazpena ezagutarazi zuen atzo. Erakundeetara eta eragile politiko, sindikal eta sozialengana jo du atxikimendu eske lehenik, eta herritarrei eskatuko die, ondoren, konpromiso horiek bere egiteko.

11 pertsona ezagunek abiatu dute adierazpenari babes emateko ekimena. Hedabideen aurrean agertu ziren horietako zazpi, «gizartearen atxikimendu ekitaldian». Juan Mari Torrealdai, Jakin aldizkariko zuzendaria eta Egunkaria – ren aurkako auzian atxilotu eta torturatu zutena, Gorka Landaburu ETAren atentatuan lau atzamar galdu zituen kazetariaren alboan eserita zegoen. Haren ezkerrean, Nestor Basterretxea eskultorea. Mahaiaren erdian, agiria irakurtzeaz arduratu ziren Garbiñe Biurrun epailea eta Anjel Lertxundi idazlea. Txaro Arteaga Emakundeko zuzendari ohiak eta Ramon Mujika legelariak osatu zuten mahaia. Horien guztien eta Bernardo Atxaga idazlearen, Gurutze Irizar 2005eko Euskal Kooperazio saridunaren, Mikel Laboa kantariaren eta Dora Salazar eskultorearen izenean irakurri zuten agiria.

Nazio Batuen Erakundeak Duintasuna eta justizia denontzat lelopean mundu osoari egindako proposamenaren barruan dago Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzaren ekimena. Euskal konpromisoa giza eskubideen alde izenburupean plazaratutako agiriak jasotzen duenez, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala munduko estatu gehienek onartua eta beren legedietan jasoa duten arren, ez da aski. Gaur egun, giza eskubideak urratu egiten dira.

Munduan urratzen diren eskubideak aipatu dituzte. Baita Euskal Herrian urratzen direnak ere. «Gure herrira begira ere jarri gara, hemen ere urratzen eta mehatxupean jartzen baitira zenbait giza eskubide». Eskubide horien aldeko konpromisoak orokorra behar duela izan ohartarazi dute, gainera; ezin direla batzuk babestu eta besteak ez. Bizitzarako eskubidea aipatu dute, besteak beste, tortura arbuiatu, oinarrizko eskubide eta askatasun indibidual eta kolektiboak aldarrikatu.

Inor ez dela «egia absolutuaren jabe» oinarri hartu, eta bestearekiko errespetuz jokatzera dei egin dute, elkar ulertzeko: «Elkarrizketa, enpatia eta berradiskidetzea gauza daitezke, baldin eta jabetzen bagara gure ahalmenak mugatuak direla».

 

HamaR KonPRomIso

Agiri hau dugu konpromisoaren adierazpena. Giza duintasunaren eta oinarrizko eskubideen lehentasuna (ongia) aldarrikatzen dugu, haien zeinahi urraketari (gaizkia) kontrajarririk. Agiri honen sinatzaileok berretsi egiten dugu gizaki guztien giza eskubide guztiekiko konpromiso behin betikoa. Dena dela, eskubide urrakorrenei erreparatzen diegu bereziki, bai gure herrian bai munduan. Hala, bada, konpromiso orokor hori harturik, beste zehatzago batzuk ere gureganatzen ditugu:

1. Urratu den giza duintasuna berreskuratzea da lehentasun nagusia. Gure lehen konpromisoa da giza eskubideen aurkako zeinahi urraketaren biktimekiko elkartasuna. Bai gure herrian bai munduan, biktimei duintasuna itzultzeko, haien sufrimendua sendatzeko eta jasan duten egoera bidegabearen berrikuspen kritikoa eta argitzailea egiteko konpromisoa hartzen dugu.

2. Bizitza da giza eskubiderik gorena, beste guztien euskarria; hura gabe, gainerakoek ez dute zentzurik. Ez inongo kausa politiko edo ideologikok, ez estatu – arrazoiak ez dute justifikatzen eskubide hori urratzea. Inork ez du eskubiderik beste gizaki bati bizia kentzeko. Bai gure herrian bai munduan bizitzeko eskubidearen alde jarduteko konpromisoa hartzen dugu, beste zeinahi irizpideren gainetik.

3. Bereziki zorrotza izan behar du giza eskubideen zaintzak botere publikoen aginduz atxilotutakoei edo espetxeratutakoei dagokienez. Tortura da giza duintasunaren urraketa arbuiagarrienetako bat. Gure herrian eta munduan atxilotu eta espetxeratuen eskubideak zaintzeko konpromisoa hartzen dugu, zigorgabetasunari batere tarterik utzi gabe, lege – hutsunerik onartu gabe eta egiazko berme judizialak ezarriz.

4. Desberdintasunak eta bazterkeria dira duintasun – ezaren eta giza eskubideen urraketen sorburu. Gure herrian eta munduan berdintasunaren alde jarduteko konpromisoa hartzen dugu, gizarteko baztertuenen alde aritzeko baztertuenak izan ez daitezen, eta, hori lortutakoan, hurrengo baztertuenen alde segitzeko.

5. Giza duintasunak ez du sexu – bereizketarik egiten. Emakumeen diskriminazioak sufrimendu handia eragin du iraganean, eta oraindik ere bidegabekeria eta indarkeria asko jasaten dituzte emakumezkoek. Gure herrian eta munduan diskriminazio – mota oro salatzeko konpromisoa hartzen dugu, eta egiazko genero – berdintasun sozial eta legalaren alde jardutekoa.

6. Giza duintasuna aintzat hartzeak berekin dakar oinarrizko zenbait eskubide eta askatasun (indibidual eta kolektiboak) onartzea. Sarritan, ordea, segurtasunaren edo eraginkortasunaren mende jartzen dira askatasun eta eskubide horiek. Gure herrian eta munduan adierazpen – , manifestazio – eta elkartze – eskubideen alde egiteko konpromisoa hartzen dugu, eta gehiengoak demokratikoki adierazitako borondatea bete eta betearaztekoa.

7. Denok sentitu gara noizbait gutxiengoren bateko partaide. Denok gara, nolabait, emigranteak edo emigranteen ondorengoak. Gure herrian eta munduan gutxiengoekin eta emigranteekin adeitasunez jarduteko konpromisoa hartzen dugu, gainerako herritar guztien eskubide eta betekizun berekin integratzeko gizartean, inongo bereizketarik egin gabe jatorri, erlijio, sexu – joera, egoera sozial edo ideia politikoengatik.

8. Munduko edozein bazterretan, edo gure auzoan bertan, bidegabekeriak eta tragediak izaten ditugu. Ekologiari dagokionez, berriz, munduaren iraupena arriskuan dago. Gure herrian eta munduan bidegabekeriei aurre egiteko, ahulenak babesteko eta planetaren jasangarritasunaren alde egiteko konpromisoa hartzen dugu.

9. Gerra eta indarkeria dira bidegabekeriaren adierazpenik muturrekoenak, giza kontzientziaren kontraesanik bortitzena. Gure herrian eta munduan gerrari eta indarkeriari bidea ixteko konpromisoa hartzen dugu, zibilizazio, erlijio, nortasun eta ideologia desberdinen arteko elkarrizketa eta akordioa bultzatzeko konpromisoa.

10. Bizikidetzak eskatzen du giza eskubideei buruzko informazioa izatea gizarteak, giza duintasuna hartzea haien euskarritzat, eta mundu guztiak onartzen duen konpromisoa izatea eskubide horiek. Giza eskubideetarako hezkuntza eskatzen du hauen aldeko kultura, modu sistematikoan, hedatzeko oinarrizko tresna gisa. Gure

herrian eta munduan giza eskubideetan hezitzeko konpromisoa hartzen dugu, hauen berri emateko eta haien premia eta indarrak bizirik iraunarazteko, giza eskubideak bete eta betearazteko konpromisoa. Giza eskubideak zatiezinak eta unibertsalak izateaz gain elkarrekin lotuta doaz. Ez da onartzen hauekiko atxikimendurik zatika edo aukeran. Bere erabilera alderdikoi edo interesatua iruzurra da eta hauen heriotza dakar. Pertsona guztien eskubide guztiak defenditzeko konpromisoa hartzen dugu politika eta ideologia aurreko oinarri gisa. Hauek babesteko eta zaintzeko konpromisoa hartzen dugu, arraza, etnia, nazio, jatorri sozial, ideologia politikoa edo beste bazterketa adierarik gabe.

2008ko maiatzak 15

Txaro Arteaga, Bernardo Atxaga, Nestor Basterretxea, Garbiñe Biurrun, Gurutze Irizar, Mikel Laboa, Gorka Landaburu, Anjel Lertxundi, Ramon Mujika, Dora Salazar eta Joan Mari Torrealdai.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)