Italiako Poliziak 383 pertsona atxilotu ditu immigrazioaren aurkako sarekada batean

Kanporatu egingo dituzte polizia operazioan atxilotu dituzten 118 immigrante, paperik gabekoak direlako

Berria, Ekain rojo, 16-05-2008

Italiako Poliziak «krimenaren eta paperik gabeko immigrazioaren» aurka egin berri duen sarekadan 383 pertsona atxilotu dituzte. Atxilotuetako 268 atzerritarrak dira eta 115 italiarrak, hedabideek argitara eman dutenez. Auzitegiek 118 pertsona kanporatzeko agindua eman dute, paperik gabeko immigranteak direlako. Horietatik 53 Italiatik alde egiteko mugaraino lagundu dituzte, eta beste 65 aldi baterako aterpetxeetara eraman dituzte. Droga trafikoan, proxenetismoan, lapurretan aritzea eta paperik gabeko immigrazioa ahalbidetzea leporatu diete atxilotuei. Maiatzaren 7an abian jarri zuen ikerketa Poliziak, eta herrialdeko hamazazpi eskualdetan egin du, iparraldean eta hegoaldean.

Atxiloketa gehienak atzo goizaldean egin zituzten. Poliziak zazpi kilo kokaina, 360 gramo heroina eta 11,44 kilo cannabis atzeman ditu, besteak beste. Erromako ijitoen kanpalekua arakatu du, eta hainbat ijito atxilotuta eraman. Silvio Berlusconiren gobernuak legealdi berrirako jarri zuen helburu nagusietako bat segurtasuna da, eta ildo horretan, immigrazioaren aurkako egitasmoa onartuko du berehala Ministroen Kontseiluak. Berlusconiren koalizioak immigrazioaren aurkako mezuetan oinarritu zuen hauteskunde kanpaina, eta italiarrek oniritzia eman zioten. Horren adierazgarri da Roberto Maroniren esku izatea Barne Ministerioa, hau da, Lega Nord immigranteen aurkako alderdiko kidearengan. Immigrazioaz hitz egiteko Errumaniako Barne ministroarekin elkartuko da Maroni, eta bi estatuen arteko gatazka baretzen ahaleginduko da, bide batez.

Izan ere, immigrazioaren aurkako egitasmoak asaldatu du Errumania, hango herritar ugari baitago Italian; milioi bat inguru. Hala ere, sarekadetan atxilotutakoak Europako Batasuneko kanpoko herrialdeetakoak dira. Halaber, 130.000 eta 150.000 artean dira Italian dauden ijitoak, horietatik 50.000 errumaniarrak. Paolo Ciani gutxiengo etnikoetan adituaren hitzetan, hedabideek atzerritarren aurkako jarrera indartzen dute gizartean. Eskuin muturrera inguratutako gobernuaren adierazpenek ere bizikidetza areago zaildu dute. Napolin ustez hamasei urteko ijito bat haur bat bahitzen saiatzeak indarkeriaren txinparta berpiztu du azkenik. Ijitoen bi kanpaleku erre dituzte Ponticelli auzoko herritarrek, ijito bat larri zauritu ostean. Atzerritarrak beldur dira faxismoko arraza legeak itzuliko diren.

SENATUAN ERE AISE BERLUSCONI. Bestalde, bezperan Diputatuen Ganberan konfiantza babesa lortu ondoren, Senatuaren sostengua ere aise eskuratu du Berlusconiren gobernuak. Hala, 173 boto aldekoak izan dira, 137 kontrakoak eta bi abstentzio izan dira. Gobernuak bere bidea hasi ahalko du horrela legealdian. «Hautesleei hitzemandako konpromisoei eutsi nahi diegu, kontratu bat errespetatzen den eran», esan du Berlusconik.

 

«Hautesleei hitzemandako konpromisoei eutsi nahi diegu, kontratu bat errespetatzen den eran»

Silvio Berlusconi

Italiako lehen ministroa

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)