Immigrazioa gogoeta iturri

Jendearen etorrerak nazio gutxituetan sortzen dituen arazoak eta erronkak aztertu ditu 'Jakin'-ek

Berria, Erredakzioa, 11-05-2008

Donostia

Jakin aldizkariak immigrazioaren inguruan osatu du 165. zenbakiko Gai nagusia atala. Immigrazioak Euskal Herria bezalako nazio gutxitu batean sortzen dituen arazo eta erronka sozial, politiko eta kulturalak aztertzen dira, besteak beste. Lau artikuluk osatzen dute sail monografikoa: Xabier Aierdik atzerri immigrazioaren Hego Euskal Herriko datuak jaso ditu; Pedro Albitek immigrazioak Euskal Herria bezalako nazio gutxitu batean dituen inplikazioak aztertu ditu; Amelia Barquinek etorkinek euskararekin eta euskal hezkuntzarekin duten harremanaz egin du gogoeta eta Ricard Zapata – Barrerok Quebec, Flandes eta Katalunian immigrazioarekin izandako esperientziak aurkeztu ditu.

Bere lanean, datu hauek bildu ditu Aierdik, besteak beste: populazioaren eta etorkinen kopuru absolutuak eta ehunekoak; probintzia edo eskualde bakoitzean duten ezarpena; immigrazioaren konposizioa jatorriko kontinente edo estatuaren arabera; biztanleria, euskara eta immigrazioaren banaketa lurraldeen arabera; eta, azkenik, euskaldunen eta etorkinen arteko ukipen indizea eskualdeka.

Immigrazioak eta kultura aniztasunak, euskal gizartearen bizikidetzan ez ezik, Euskal Herrian ere irekitako prozesu subiranistan eta hizkuntz normalizazio prozesuan ere sortzen dituzten erronkak aztertu ditu Albitek.

IMMIGRANTEEN JOERAK IKASKUNTZAN. Auzi askori buruzko gogoetak egin ditu Amelia Barquinek: euskararen ikaskuntza etorkin helduen artean, euskaldunek etorkinengana sentitzen duten mesfidantza «kulturala», etorkinen seme – alaben eskolatzea eta hizkuntz ereduen hautaketa, etorkin gehienak A ereduan matrikulatzeko arrazoien azterketa…

Ricard Zapata – Barrerok immigrazioak eta autogobernuak nazio minoritarioetan duten lotura aztertu du. Hasteko, lotura horren azterketa eragiten duten premisa teoriko nagusiak jorratu ditu. Ondoren, Quebecen eta Flandesen immigrazioari buruzko debate akademikoaren auzi garrantzitsuenak aztertu ditu. Eta, azkenik, immigrazioaren filosofia publiko batek Katalunian izan beharko lituzkeen gako nagusiak proposatu ditu.

Egunen gurpilean sailean, ohi denez, azken hilabeteotako berrien iruzkin laburrak dakartzate Xabier Gantzarainek Artea – n, Inaki Irazabalbeitiak Teknozientzia – n, Uxue Alberdik Literatura – n, Lionel Jolyk Soziolinguistika – n, Joxe Aranzabalek Telepolis – en eta Aitor Zuberogoitiak Glokalia atalean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)