Txalupan Europara heldu nahi duten emakume sahararrak hizpide La2en

Olurombi emakume sahararraren bizipena kontatuko dute 'La historia de la más bella'-n, 22:45ean

Berria, , 06-05-2008

ERREDAKZIOA

Mediterraneo itsasoan arrantzale batzuek noraezean zegoen txalupa batetik haurdun zegoen Olurombi emakume afrikarra eta beste 50 lagun nola jaso zituzten kontatzen du gaur La2eko Documentos TV-n emango duten La historia de la más bella erreportajeak (22:45). Alabaina, arrantzaleek jaso eta handik egun gutxira, Olurombi eta bere sabelean zuen umea desagertu egin ziren, arrastorik utzi gabe. Olurombi eta bera bezala desagertzen diren emakumeen historiak berregiteko, antzeko esperientziak bizi izan dituzten hainbat herritarrek beren lekukotasunak emango dituzte.

BIZITZA HOBE BATEN BILA. Olurombi bezala, haurdun dauden ehunka emakume saharar Europarako norabidean ontziratzen dira txalupan. Ama horien helburua, sabelean duten seme edo alabari beren sorterrian izango dutena baino bizitza hobea ematea da. Batzuk betiko itsasoan galdu badira ere, beste batzuek zorte hobea izan dute. Hainbat emakume sahararren seme-alabak Sevillan, Bilbon, Jaenen edo Mallorcan jaio dira. Beren seme-alabak Europan hazten dituzte, eta europar herritartasunak aitortzen dizkien berme guztiez gozatzen dute. Alabaina, emakumeak legearen aurrean hiritar ikusezinak dira, paperik ezean, eskubiderik gabe. Sarritan, emakumeek Europara ekartzea posible egin duten mafientzat lanean jarraitu behar izaten dute. Emakume horien bizi egoera hain da prekarioa, kalera ateraz gero seme-alaben zaintza gal dezaketela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)