Europaren soberakinak

Berria, kaldabe@berria.info, 06-05-2008

Nicolas Sarkozy Frantziako lehendakari dela urtebete inguru bada, eta Carla Bruniren irudi aholkulariek ere ez diote lagundu lehendakari izan aurretik zuen xarma berreskuratzen. Frantziarrek orain ez ei dute maite duela urtebete liluratu zituen gizona. Alferrik, ez zuten – eta urtebeterako bakarrik hautatu. Sarkozyk bere politikak aurrera daramatza, eta itzal handia du.

Silvio Berlusconik itzal handia duen bezala. Italiako lehen ministro aukeratu berri dute, eta dantzan jarri du Europa, berak nahi duen melodian.

Bi agintariok nahikoa dira kontinente zaharra nahieran gidatzeko. Edo kontinente zaharrak alibi gisa erabili nahi ditu zeregin zikinetarako? Bata izan edo bestea, ederki doaz elkarren eskutik egitera doazen lanbiderako.

Zortzi milioi lagun egozteko arau bat onartzekoak dira bihar Bruselan. Bai, paperik gabeak, soberakin horiek; behinola herrialde kristauetatik egotzitako judu eta mairuen gaur egungo bertsioa. Egun, politikoki zuzen – zuriak lan kontratua duten etorkinak baino ez baititu onartzen – begira Espainian: lana eta immigrazioa ministerio bakar batean bilduta – .

Kontzentrazio eremuak ere bai haientzat. Sei hilabeteko atxiloaldiak – beste hamabi hilabetez luzatzeko aukera eta guzti – Europan gera ez daitezen konbentzitzeko. Arauak berdintasun erabatekoa aurreikusten du: ez arraza, ez sexu, ez adin bereizketarik – orain arte ez bezala adingabeak ere atxilotu eta kanporatu egingo dituzte – ; denak kanporatuko dituzte, eta itzultzeko debekua – bost urtera arte luzatu dute – ezarriko diete.

Baina, badakigu, errua Sarkozyrena eta Berlusconirena izango da.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)