Hiru urteko kartzela, langileen eskubideak urratzeagatik

Berria, , 30-04-2008

erredakzioa

Donostia

Hiru urteko kartzela eta bederatzi hilabeteko isuna—lanegun bakoitzeko 10 euro—. Hori izan da Iruñeko 4. zigor epaitegiak langileen eskubideak urratzeagatik bi obra arduraduni ezarritako zigorra. Beste bi urte eta hiru hilabete ere igaro beharko dituzte espetxean enplegatuak mehatxatzeagatik.

Ezarle enpresako Yusuf Syuleymanov Arnaudov eta haren seme Yusuf Yusufov Arnaudov dira zigortuak. Horiek Iruñeko Sarasate pasealekuan lauzak jartzeko paperik gabeko lau bulgariar kontratatu zituzten 2006ko azaroan. Ahozkoa izan zen kontratua, eta ikuskatzeren bat egonez gero beren benetako izenak ez aitortzeko eta ordainetan paperak zituzten langileenak erabiltzeko agindu zieten atzerritarrei.

Lana 2006ko abenduan bukatu zuten haiek, baina ez zuten soldatarik jaso. Kaltetuek CCOOra jo eta sindikatuaren laguntzaz ordaina kobratu ahal izan zuten 2007ko urtarrilaren 17an.

Ugazabek, ordea, telefonoz bitan mehatxatu zituzten: dirua egun baten buruan bueltatzen ez bazieten, baten semea egurtu eta alaba bortxatuko zutela, emaztea Brasilera bidaliko zutela prostituta gisa eta besteak Bulgarian zuen etxea erreko zutela esan zieten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)