Thailandian kamioi batean pilatuta sartu asmo zuten 54 etorkin myanmartar ito dira

Orotara 121 lagun zihoazen sei metro luze eta bi metro zabal zuen kamioi hozkailudun batean

Berria, kristina berasain, 11-04-2008

Myanmarko 54 immigrante hil ziren atzo goizaldean Thailandian. Kamioi hozkailudun batean zihoazen beste 67 lagunekin batera. Thailandiako muga zeharkatzeko asmoa zuten herrialde hartan paperik gabe lan egiteko, baina oraindik ere argitzeke dauden arrazoiak direla medio gidariak errepide bazterrean utzi zuen kamioia eta ihes egin zuten. Thailandiako Poliziak 54 lagun itota aurkitu zituen eta beste 21 lagun ospitalera eraman zituen. Horietako batzuk oso egoera larrian zeuden eta batek baino gehiagok konortea galdu zuela eman zuen jakitera Poliziak. Hildakoetako 37 emakumean ziren eta 17 gizonak. Kamioian zihoazen gainontzeko 46 lagunak atxilotu egin zituen Poliziak – 121 lagun joaten ziren kamioi hozkailudunean – .

Thailandiako Ranong hegoaldeko eskualdean aurkitu zuten kamioia. Ustez arraina garraiatzeko baliatzen zuten luzeran sei metro luze eta bi metro zabal zen kamioiak. Thailandiara nekazaritzan, sasoikako uztak biltzera, eta eraikuntzan lan egitera joaten ziren immigranteak. Itsasertzetik sei kilometrora aurkitu zuten kamioia.

GIDARIAK IHES EGIN DU. Kraithong Changtongbaind Ranong eskualdeko polizia – etxeko koronelak azaldu zuenez, laguntza dei bat jaso ondoren hurbildu ziren kamioira. Ordurako gidaria ihes eginda zegoela zehaztu zuen koronelak. Kontainerra irekitzerakoan irudi lazgarria ikusi zuten. Kamioian joaten ziren bidaiarien arabera, aspaldian ari ziren kolpeak ematen eta laguntza deiak oihukatzen. Gidariak halako batean kamioia gelditu zuela jakinarazi zuten. Aire girotuaren sistema pizteari uko egin zion gidariak, lekukoen arabera, eta haien hitzetan horrek eragin zuen hainbat lagun itotzea.

Victoria Pint arrantza herrian abiatu zuten bidaia eta bi orduko bidearen ondoren gelditu zuen kamioia gidariak. Polizia haren bila ari da orain. Kamioiaren jabea jada galdekatu dute, eta hark adierazi zuen ez zekiela kamioia pertsonak garraiatzeko erabiliko zenik.

Changtongbaind koronelaren arabera oso ohikoa da paperik gabeko lagunek muga zeharkatzea herrialdean lan egin ahal izateko. Bidaia egiteko etorkinek 157 eta 314 dolar artean ordaintzen diete pertsonak garraiatzeaz arduratzen diren mafiei. Giza eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakundeek jakinarazi dutenez immigranteen lan baldintzak kezkagarriak dira oso. Thailandiako enpresa gizonek etorkinak esplotatu egiten dituzte eta abusuak ere maiz gertatzen dira.

Thailandiarrek baztertzen dituzten lanetan aritzen dira myanmartarrak eta soldata txikiak jasotzen dituzte trukean. Duinak ez diren baldintzetan bizi ohi dira. Amnesty Internationalen arabera, arriskutsuak eta zikinak diren lanetan aritzen dira gehienetan eta paperik ez dutenez sarritan atxilotuak eta deportatuak izaten dira. Mafiek, gainera, soldataren parte batekin gelditzen dira.

Thailandian datu ofizialen arabera, 540.000 immigrante ari dira lanean gaur egun. Giza eskubideen aldeko erakundeen arabera, alta, kopuru horri beste milioi bat gaineratu behar zaiola ohartarazi dute.

Myanmarren baliabide ugari dagoen arren, kontinenteko herrialde pobreenetakoa da. Junta Militarrak agintzen du 1962. urtetik eta herritarren erdiak pobrezian bizi direla eman du jakitera Nazio Batuen Erakundeak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)