Mundua herri batean

Munduko kulturen festa, Mundumira, Bergaran izango da aurten, ekainaren 6tik 8ra. Kultura, kirola, natura eta elkartasuna dira ardatzak 'Euskal Herria' aldizkariak antolatutako jaian.

Berria, , 10-04-2008

idoia etxeberriA

Bost kontinenteetako kultura, gastronomia eta artisautza ezagutzeko bidaia. Baina herritik irten gabe. Horixe proposatzen du Mundumirak. Ibilaldiak, azokak, lehiaketak, ikuskizunak, kontzertuak. Trukea. Eta munduari begira jarriko den herria Bergara izango da aurten. Ekainaren hasieran. Hamaika txokotako jaki, dantza eta doinuez gozatzeko aukera izango du bisitariak, hemengo kulturarekin nahastuta.

«Ekintza guztiak dohainik izango dira, eta jende guztiarentzat izango dira», azaldu dute antolatzaileek. «Helburua kalea musikaz eta kolorez betetzea da, guztiontzat erakargarriak diren ekintzekin, eta Bergara kultur topagunea bihurtzea». Aurreko hiru urteetan bezalaxe, Debagoienean izango da Euskal Herria aldizkariak bultzatutako jaia, eta kultura, natura, gastronomia eta elkartasuna izango dira ardatzak. Egitaraua prest dago, eta gainez egiten du. Lan handia egin dute munduko kulturen ordezkaritza zabala ekartzeko: monje tibetarrak, Egiptoko derbitxeak, Brasilgo dantzariak, Balkanetako gypsi musika, afrikarra, arabiarra, Greziakoa…

PROTESTA ABESTIAK. Alpha Blondy reggae abeslaria izango da jaialdiko izarretako bat: Marfil Kostako taldeak bere disko berria aurkeztuko du. Blondyren (Seydou Kone du benetako izena) protesta abestiak oso ezagunak dira Afrikan. Bob Marleyk irekitako bideari jarraituz abesten du, hainbat hizkuntzatan. Tasha´s World taldeak, berriz, soul eta musika beltza ekarriko ditu Bergarara, Erresuma Batutik eta Herbehereetatik: world music mugimenduko talderik esanguratsuenetakoa da.

Kataluniako 08001 taldea ere kultur nahasketaren emaitza da: Bartzelonako Raval auzora iristen diren artista guztien joerak biltzen ditu. Tailer gisa funtzionatzen du, eta egunez egun aldatzen eta garatzen doa. Madrilgo Floro DJak soul, blues eta musika etnikoa nahastuko ditu. Eta fusioa bultzatzen duen Oreka TX euskal taldea ere ez da faltako Mundumiran; ikuskizun berria eskainiko du.

Gaueko kontzertuez gainera, kalejirak eta formatu txikiko ekitaldiak izango dira egunez, han eta hemen. Musika, dantza, antzerkia. Izan ere, kaleak garrantzi handia izango du jaialdian. Artisautza eta gastronomia azokak egingo dituzte, mendi eta bidaia azoka ere bai, eta hainbat tokitako jakiak dastatzeko aukera egongo da, Munduko Zaporeak gunean. Naturak ere pisu nabarmena izango du: mendi irteerak, kultur ibilbideak… eskualdea hobeto ezagutzeko hamaika abagune.

ELKARTASUNA. Hori bai, Mundumiraren berezitasuna elkartasuna da. Lankidetza gobernuz kanpoko erakundeekin. Euskal Herriko hainbat elkartek euren egitasmoen berria emango dute jaialdian. Dena ez delako soinua jo eta dantza egitea. Lagundu ere egin behar delako. Mundumirako elastikoak ere horixe du helburua: lortutako dirua hiru lankidetza proiektutara bideratuko dute.

Ekainaren 5ean hasiko da Mundumira, ostegunean, moje tibetarren laguntzarekin hasi ere: Bakearen Mandala egingo dute. Aurretik, dokumental bat ikusi ahal izango da, gaztelaniaz: Shambala, bakearen ate sekretua. Ikastaroak, mahai-inguruak, haur jolasak, zirku tailerra, lehiaketak, ikuskizunak… Bergaran denetik izango da hurrengo hiru egunetan. Informazio gehiago: www.mundumirafesta.com.

PrInTzaK

Alpha Blondyren reggae indartsua

Musika. Tandarica orkestra (Balkanak). Revolutionary Brothers (erritmo jamaikarrak). Alpha Blondy (Marfil Kosta). Oreka TX (Euskal Herria). The Baghdad Ensemble (Irak). Samba laborategia (brasil). Tasha´s World (Erresuma Batua, Herbehereak). 08001 (Herrialde Katalanak). DJ Floro (Espainia). Batukada Taupada (Euskal Herria). Barbad (Armenia, Iran, Aljeria). Asikides (Grezia). Kalejirak: Salam (Magreb) eta Bergarako trikitilariak.

Ikuskizunak. Kairoko derbitxeak (Egipto). Los naribol zeinu bidezko kale antzezlana (Artea Teatro taldea). La boheme kale ikuskizuna (perkusioa, dantza, zaldiak, gurdiak…).

Ikus-entzunezkoak. Shambala, bakearen ate sekretua dokumentala. Film laburren zikloa (Elkarhezi). Nepal maite bideo emanaldia (Koldo Aldaz). Psicoblog: ur sakoneko bakardadea bideo emanaldia (Patxi Usobiaga). Nomadak TX filma (Oreka TX).

Elkartasuna. Elkartasun Foroa. GKEren mahaiak. Elastiko solidarioa. Monje tibetarrek Bakearen Mandala egingo dute.

Mendia. Azoka. Mendi irteera gidatuak: trikuharrien ibilbidea, trenaren ibilbidea, BTT zeharkaldia…

Kirola. Eskalada txapelketa.

Turismoa. Kultur ibilbideak Debagoienean. Hiru tenpluen ibilbidea, besteak beste.

Jolasak. Haurren Txokoa. Zirku eskola ibiltaria.

Azokak. Artisautza eta gastronomia azokak. Mendi eta Bidaia azoka.

Gastronomia. Munduko Zaporeak gunea. Eusko Labeleko txahal errea. Gazta lehiaketa. Tibeteko tea eta arroz gozoa.

Erakusketak. Munduari itzulia marrazki lehiaketa. Himalayari buruzko erakusketa.

Hitzaldiak. Turismo arduratsuaren alde, besteak beste.

Besterik. Autokarabana kontzentrazioa.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)