Zirrikituetatik begira

Ijitoak

Deia, Josu Torre, 10-04-2008

BIDE ertzeko baserri batetan jaio eta hazia naizenez ume umetatik izan dut kittanoekin harremana. Bai kittanoak edo kittanuek deitzen genien eta diegu mungieraz hitzegiten dugunean behintzat. Zaldiz, mandoz edo astoz atoian eramandako toldoz babestutako gurdi edo karroetan higitzen ziren batetik bestera eta bide gurutze edo bazter jakin batzuetan gelditzen ziran gaua edo egun batzuk igaro – tzeko. Etxetik nahiko hurbil kanpatzen zutenez begi ta belarri oso zabalik asmatu ditugu haien gau jaiak eta arruntak. Berezi bereziak, Gabon inguruan antola – tzen zituztenak edo nola halako famili jaia ospatzen zutenean. Gau beranduraino sute ederra pizturik eta hurrengo goizean eskolara abiatzen giñanean han zeuden oraindik txingarrak bizi bizirik, ikuskizunaren aztarna, haiek lo.

Gurera etorzen ziran ur bila eta, kidetasunaren seinale, zerbait gutxi eskatzera. Oilo edo txerriren bat hil ote zen, bezperako ogi pixkat edo gutxien gutxienetan diru pixkaten bat ere bai. Horren truke, eskini ziguten txakurkume edo katu ehiztari finen bat ere. Ehun aldiz baino gehiago gogoratzen ditut inguruan eta ez dut haiekin harreman txarrik edo adei faltarik egon zeneko oroimenik.

Urte haietan erligioa present zen gurean eta honela esan nion nere amari ume ijito bat ura eskatzen etorri eta ukatu nahi zionean: “Ama Kristaulegeak egarri denari ura ematea agintzen du” eta hark: “Baita ez dakienari irakastea ere, esaiozu nun dagoen iturria, guk ere handik ekarri behar dugu ura eta”.

Egunotan ospatu da Ijitoen Nazioarteko Eguna. Hainbat en – tzun eta irakurri dut gai hortaz duintasunaz batera gizarte eta kultura integrazioa azpimarratuz behin eta berriro, baina beldur naiz hitz hoiek haiek duintzeko baizik gure kontzientzia zuritzeko diren.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)