Perkusio doinuek kaleak hartuko dituzte etzi

Kultur aniztasuna musikaren bidez aldarrikatuko dute San Frantzisko auzoan etzi

Berria, m. carramiñana, 10-04-2008

Aniztasunak aberastu egiten gaitu. Perkusio Egunean San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetako lagunek kalera aterako dituzten aldarrikapenetako bat da. Musikaren bidez, hainbat jatorritako artistak bilduko dituzte, marokoarrak, brasildarrak, kamerundarrak eta euskaldunak, besteak beste.

Larunbatean izango da, eguerdiko hamabietatik aurrera. Auzoetako hainbat tokitan hasiko dira jotzen, ia aldi berean, lehen perkusio egun honetan parte hartuko duten hamar taldeak.

Bi orduko kalejira zaratatsuan parte hartzera deitu dute antolatzaileek; ikuskizuna gozatzeko ez ezik, auzo hauek dituzten arazoentzako proposamenak plazaratu eta konponbideak aldarrikatuko dituztelako. Besteak beste, etorkinei buruzko irudi gaiztotua aldarazi nahi dute, aniztasuna eta kultur aniztasunaren alde egiten.

Zer: Perkusio Eguna. Non: Bilboko San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetan. Kalejiran abiatuko dira parte hartuko duten taldeak. Noiz: Larunbatean, 12:00etatik 14:00ak arte.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)