Bertakotu

Berria, Amagoia Iban, 09-04-2008

Etxeberriatarrak ijito ziren, euskaraz aritzen ziren tratutan. Felix zaharrak ezagutu zituen, herrian «zeharo bertakotu» zirela zioen atzo, Ijito Herriaren nazioarteko egunean. Bertakotzea norbere kulturari bizkar ematea ote den galdetu nion. «Bertakotzea bertakotzea dun, ez jarri nire ahotan hire gaizki-ulertuak», erantzun zidan.

Lapurdiko hainbat hiritara udaro hurreratzen diren ijitoak bertakotu ez daitezen egindako ahaleginak gogoratu nituen. Baita kale gorrian dauden ijitoak eta enparauak trenera sartzen eta herritik bidaltzen aritzen diren udaltzainak ere. Eta Martuteneko eskola abandonatua okupatu duten Errumaniako ijitoak. «Lehen ere errumaniarrek okupatuta egon zen, eta dena zerri eginda zeukaten, baina kezkagarriagoa da orain, umeak ere badauzkate eta», azaldu zuen auzoko batek, telebistan, duela ez hainbeste. Ez zuen hori adierazi nahi, ziur, baina izututa zirudien Errumaniako ijitoek ere umeak egiten dituztela baieztatzean. Halakoak gaizkile baitira beti, albistegietan aldiro nabarmentzen digutenez. Eta agintarien erantzuna, nola ez, berehalakoan heldu zen: eskola abandonatua laster eraitsiko dute. Bertan daudenek segi dezatela zeharo bertakotzera, beraz, beste nonbaitera. Etxerik gabeko Etxeberriatar moderno bihurtzera.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)