Martin Luther Kingen ametsa, bizirik

Duela 40 urte hil zuten Martin Luther King beltzen eskubideen aldeko bakezalea. Hala ere, AEBak Kingek amestu zuen berdintasunetik urruti daude oraindik.

Berria, , 04-04-2008

ixiar zubiaurre

Georgiako muino gorrietan aspaldiko esklaboen eta nagusien seme-alabak elkarrekin anaitasunaren mahaian eseriko direla amestu dut». Martin Luther Kingen hitz horiexek zizelkatuta geratu ziren askoren gogoan, eta duintasunaren eta eskubide zibilen alde egindako borroka mundu zabalean ezagutu zen. Gaurko egunez hil zuten, ordea, King, duela 40 urte. Zuriek agintzen zuten herrialdean beltzen ahotsa izan nahi zuen, baina James Earl Rayk tiroka isilarazi zuen, Memphisko hotel batean. Hala ere, lau hamarkadaren ondotik, haren ametsak bizirik dirau, ametsak amets izaten jarraitzen badu ere.

Aita Eliza baptistako predikatzailea zen, bere birraitona, aitona, anaia eta osaba bezala. Elizan hazi eta hezi zuten Martin Luther King. Horregatik agian, berak ere Teologia ikasketak egin zituen, eta Coretta Scotekin ezkondu ondoren, Montgomeryn (Alabama) artzain eta predikatzaile hasi zen, 1954an.

Atlantan (Georgia, AEB) jaio zen, 1929an. Eskoletan, jantokietan, antzokietan, autobusetan, baita ura edateko iturri publikoetan ere, zuriak eta beltzak bereizi egiten zituzten haren jaioterrian. AEBetan politika arrazista zegoen indarrean; munduko gizarte aberats eta demokratikoentzat jotzen zutena esklabotzaren kateak askatzeke zegoen oraindik. Eta Martin Luther Kingek gertutik bizi izan zuen hori guztia, bai Atlantan, baita Montgomeryn ere.

ROSA PARKS. Montgomeryko populazioaren zati handienak, 50.000 herritar inguruk, zurien zerbitzura egiten zuten lan. Hirian bizi ziren 70.000 estatubatuarren artean 20.000k baino ez zuten botoa emateko eskubidea. Hegoaldeko hiri txiki hartan, ordea, beltzen egoerak beste norabide bat hartu zuen 1955eko abenduaren 1ean.

Lantokitik etxerako bidean, autobusa hartu zuen Rosa Parks 42 urteko jostunak. Zurientzat gordetako aulkietako batean eseri, eta gidariak handik altxatzeko agindu zion. Ezetz erantzun zuen hark, umilazio gehiagorik jasateko prest ez zegoela eta. Atxilotu egin zuten Parks, baina autobusetako segregazio sistemaren aurkako boikota hasi zuten beltzek Montgomeryn. Kingek bat egin zuen protestekin, eta handik gutxira, egindako diskurtsorik garrantzitsuena bota zuen pulpitutik; justizia egin arte borrokatzeko prest zeudela ziurtatu zuen bozgora.

John Fitzgerald Kennedyren ondotik, Lyndon JohnsonekAEBetako presidentetza eskuratu zuenean, eskubide zibilen aldeko mugimenduak borrokaren lehen fruituak eman zituen. 1964an, Eskubide Zibilen Agiria sinatu zuten. Arrazagatiko laneko bazterkeria debekatzen zuen agiri horrek, besteak beste. Handik urte batera, boto eskubidea aitortu zitzaien zuriak ez ziren estatubatuarrei.

1964an eman zioten Bakearen Nobel saria Luther Kingi. Mundu zabalean ezaguna zen ordurako, eskubide zibilen alde egindako borroka baketsuagatik. Ku Klux Klan eta halako taldeei eta Poliziaren jazarpenari aurre egiteko indarkeria beharrezko ikusten zutenek zalantzan jarri zituzten, ordea, ideia bakezale horiek. Malcom X eta Kingen arteko eztabaida sutsua eta erabakigarria izan zen.

Zakar-biltzaileen greba sostengatzeko asmoz joan zen Menphisera, 1968 apirilaren 4an. Agindutako lurra lortuko zuela zin egin zuen. Alabaina, gau horretan bertan hil zuen kartzelatik irten berria zen James Earl Rayk.

Hilketaren ondotik, protestak nagusitu ziren AEBetan. Aitak honako hitz hauekin salatu zuen Luther Kingen aurkako erasoa: «Lur honetako gorrotoak hil du nire semea».

AMETSAK, BIZIRIK. Martin Luther Kingek Washingtonen emandako hitzaldi historikoa denboraren prespektibatik aztertzeko ahalegina egin dute Ohioko Unibertsitateak eta Scrpps Howard AEBetako berri agentziak. «Amets bat daukat». Halaxe hazi zuen Kingek 1963. urteko abuztuaren 28an arrazakeriaren aurkako aldarria, eta hil zutela 40 urte egin direnean, zuriak eta beltzak berdintasunean biziko diren eguna ametsa baino ez dela erakusten duten emaitzak eman dituzte. Izan ere, AEBetako beltzen %39k uste dute Martin Luther Kingen ametsa lortzeko bide luzea dagoela egiteko, eta soilik estatubatuarren %3k arrazen arteko erabateko berdintasuna lortu dela.

Bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundearen Arraza Bazterkeriaren aurkako Batzordeak orain gutxi salatu duenez, AEBetako lege, politika eta ohiturek bazterkeria gainditzea oztopatzen dute. Herrialdean gutxiengoa osatzen duten komunitateek kezkatzen dute bereziki NBE; besteak beste, arabiarren, musulmanen eta Asia hegoaldetik joandakoen egoerak. Irailaren 11ko atentatuez geroztik gutxiengo horiek «arrazaren soslaia» deituriko politika kriminalaren ondorioak jasan dituztela salatu du. Politika horrek arraza jakin batzuetako kideen jarraipena egitea aurreikusten du. «Datuok AEBetako eremu askotan arraza bazterkeria normaltzat eta legezkotzat jotzen dela erakusten dute», ziurtatu du, batzordeak emandako datuen haritik, Ajamu Baraka AEBetako Giza Eskubideen Sareko zuzendariak.

Condoleezza Rice AEBetako estatu idazkariak, berriz, arrazismoa jaiotzetik jasaten den akatsa dela adierazi du: «Arrazismoa jaiotzetiko akatsa da; horregatik, zaila egiten zaigu garenaren parte dela onartzea».

ZenBaKIaK

308,8

AEBetako populazioa. Ameriketako Estatu Batuetan 308,8 milioi lagun inguru bizi dira. Horietatik %11 atzerrian jaio dira. AEBetara iritsitako etorkin gehienak Latinoamerikakoak dira;atzerritik hara joandakoen %52 osatzen dute, hain zuzen.

300

Etorkinen aurkako taldeak. Azken hiru urteetan etorkinen aurkako 300 talde gehiago sortu dira AEBetan, Pobreziaren inguruko Hegoaldeko Lege Zentroak adierazi duenez. Guztira 888 dira etorkinen aurka egitea xede duten taldeak.

34,36

Beltzak eta afroamerikarrak. AEBetan, biztanle gehienak zuriak dira: 92,62 milioi. Beltz eta afroamerikarrak, berriz, 34,36 milioi dira. Gero latinoamerikar eta hispanoak daude: 41,87 milioi. Asiarrak, berriz, 12,31 milioi inguru dira.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)