Mumia Abu Jamal Heriotza zigorra berriz aztergai

Berria, , 28-03-2008

Mumia Abu Jamal AEBetako ekintzaile, kazetari eta idazle afro-amerikarrari ezarritako heriotza zigorra berriz aztertzeko agindu du AEBetako 3. Zirkuituko Helegite Auzitegiak. Haren iritziz, Daniel Faulkner polizia 1981ean hiltzeaz akusatuta ezarri zioten zigorra bere horretan mantendu behar zaio, baina prozedura judiziala akastuna izan zenez, maila apalagoko auzitegi batek auzia aztertu beharko du. Fiskalak eta akusazioak beste entzuketa bat egiterik ez badute nahi, bizi arteko kartzela zigorra jasoko luke behinola Pantera Beltzetako ekintzailea izan zen 53 urteko idazleak. Hark 1982an jaso zuen kondena, eta 26 urte daramatza Heriotzaren Korridorean. Filadelfiako epaimahaiak ezarritako zigor hari helegitea jarri zion, «epailearen eta fiskalaren arrazakeriak gehienbat zuria zen epaimahaiaren erabakia baldintzatu» zuela salatuta.

Abu Jamalek epaiketa hartan argudiatu zuenez, Faulkner poliziak William bere anaia linterna batekin jo zuen errepide kontrol batean haien autoa gerarazi ondoren, 1981eko abenduaren 9an. Poliziak «gidatze arriskutsua» egotzita gerarazi zuen autoa, eta Abu Jamalen esanetan, beste norbaitek egin zion tiro poliziari, ihesari eman aurretik. Ordu batzuk geroago bere izenean erregistratuta zegoen pistola bat zuela atxilotu zuten irrati esataria. Lanbide horretan maiz salatuak zituen Filadelfiako Poliziaren eraso bortitz eta arrazistak, eta haren aldekoek geroago salatu zuten errepide kontrola eta atxiloketa haren kontrako konplota izan zirela. Tiroketaren lekuko ugarik Abu Jamalen errugabetasuna nabarmendu zuten, eta abokatuen eta ekintzaileen iritziz, epaiketan ez zuten haren aurkako «oinarri sendoko frogarik» aurkeztu.

Harrezkeroztik hura askatzeko edota heriotza zigorra ezabatzeko kanpaina ugari daude martxan munduan, besteak beste Amnesty Internationalen eskutik, eta haren borroka eta figura hamaika idazki eta kantutan nabarmendu dute, hala nola Fermin Muguruza musikariak ekoitzi eta Esan Ozenki diskoetxeak kaleratutako Free Mumia Abu Jamal diskoan. Gainera, 25 bat hiritako ohorezko herritar izendatu dute, tartean Paris, Montreal eta Palermoko udalek.

Abu Jamalek berak hainbat liburu idatzi ditu auziaz, Heriotzaren Korridorean eman dituen urteotan; esaterako, Txalapartak itzuli dituen Live from Death Row (Heriotzaren Korridoretik) eta Death Blossoms (Bizitza loratzen da izenez itzulia).

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)