Arrazakeriaren aurkako mobilizazioa gaur Bilbon

Berria, ERREDAKZIOA, 28-03-2008

Bilbo

Arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako mobilizazioak egingo dira gaurtik igandera bitarte Bilbon, Iruñean eta Donostian. Gaur, 20:00etan, Bilboko Arriaga plazatik aterako da SOS Arrazakeriako kideek antolaturiko manifestazioa Gure herria denontzako tokia eta Etorkinen legeari ez lelopean. Iruñean, berriz, bihar, 20:00etan, Gaztelu plazatik abiatuko da manifestazioa.

Iganderako Trintxerpe (Pasaia, Gipuzkoa) eta Donostia artean arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako XI. martxa egingo da. 11:30ean abiatuko da Trintxerpetik eta 13:00etan iritsiko da Donostiara. Diskriminazio sozialari ez, eskubide berdinak guztiontzat izango da martxaren leloa. Gipuzkoako 49 erakunde eta gizarte babesten dute igandean egingo den martxa.

800 ERROLDA ESKAERA. Bost urte igaro dira Gasteizko SOS Arrazakeria elkarteak Zapatari kalean zuen bulegoa hondatu zenetik. Azken bost urtean Andra Mari Zuriaren plazan eta Plaza Berrian egin dute lan, eta atzo jakinarazi zituzten datuen arabera, 800 errolda eskaerei erantzun diete. «Lan hau egitea instituzioei dagokie, baina bitartean lanean jarraituko dugu», adierazi zuen Fede Garcia Gasteizko SOS Arrazakeriako bozeramaileak.

Erroldaren auzia dela – eta EAEko Justizia Auzitegi Gorenean apelazio helegitea aurkeztu dutela aurreratu zuen Garciak. Hala, garai batean aintzat hartu gabe utzi zituzten 476 pertsonen erroldak onartu ditzan eskatu zioten udalari. Immigrazioaren Arabako Herri Batzordea sortzearen alde agertu zen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)