Lau lagun zauritu dira etorkin adingabeentzako Artzentalesko zentroan, sute baten ondorioz

Sutea nerabeek piztu duten susmoa dago; Adingabeen Fiskaltzak informazioa eskatu du jazotakoaz

Berria, , 12-02-2008

maite asensio

Bilbo

Artzentalesko (Bizkaia) El Garmo etorkin adingabeentzako zentroak su hartu zuen igande gauean, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza diputatu Juan Maria Aburtok atzo jakinarazi zuenez. Sutea itzaltzen ari zirela, kea arnastu zuten bi gaztek eta bi zaintzailek, eta Zallako osasun zentrora eraman zituzten. Osasun zentroan onik zeudela eta zauri larririk ez zutela egiaztatu zuten.

Aburtok azaldu bezala, gaueko hamarrak baino zertxobait lehenago piztu zen sua. Logeletako batetik kea ateratzen zela ikusi zuen zaintzaileetako batek, eta zentroa hustu ondoren, larrialdi zerbitzuetara deitu zuen. Suhiltzaileak heldu bitartean, zentroko arduraduna, bi zaintzaileak eta bi adingabe garrak amatatzen saiatu ziren, bertan zituzten su itzalgailuak baliatuta. Ez zuten lortu, eta, azkenean, suhiltzaileek itzali zituzten.

Kalte material handiak izan ditu zentroak sutearen ondorioz: logeletako bat kiskalita geratu zen, «guztiz hondatuta», diputatuaren hitzetan; alboko gela ere hondatuta dago. Hala ere, gazteek bertan egin zuten lo igandean: «Berandu zen, egoera aztertu genuen eta zentroa egokitzea erabaki genuen».

Sutearen jatorriari dagokionez, diputatuak ez zuen zehaztasun handirik eman, baina «bertan entzundako komentarioen arabera», zentroko bi gaztek piztu zuten susmoa agertu zuen. Edonola ere, ez dute inor atxilotu. «Susmagarriak lotara joan ziren, hezitzaileekin hitz egin ostean».

LEKU BERRIEN BILA. Adingabeen Fiskaltzak gertaerari buruzko informazioa eskatu zion atzo goizean Bizkaiko Foru Aldundiari. Halaber, «adingabeen egoera desegokia dela eta», suteak eragindako kalteak konpondu arte gazteak beste leku batera eraman zitzaten eskatu zuen. Aburtok kokaleku berrien bila ari zirela adierazi zuen atzo goizean, eta hala ziurtatu zion Diputazioko prentsa zerbitzuak BERRIAri arratsaldean: «Gaur [atzo] gazteek ez dute Artzentalesen lo egingo».

Seniderik gabe heltzen diren etorkin adingabeak hartzen ditu Artzentalesko zentroak. Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saila arduratzen da bakarrik dauden gazte horien asistentziaz. Joan den astean, baina, Diputazioko Langile Batzordeak gazteen egoera salatu zuen, eta Artzentalesko El Garmo zentroaren egoeraz ohartarazi zuen. Hezitzaileen arabera, zentro horretan pilatuta daude gazteak (herenegun 22 zeuden), baliabide gutxirekin eta hezkuntza egitasmorik gabe.

Obrak amaitzean, ordea, adingabeak Artzentalesera itzuliko direla jakinarazi zuen atzo Aburtok. Baina aurretik ondo atondu beharko da . «Zentroa handitzeko egiten ari diren obrengatik eta, orain, suteak eragindako kalteengatik» desegokia dela ohartarazi du Adingabeen Fiskaltzak.

Joan den astean antzeko gertakari bat izan zen Seguran (Gipuzkoa). Orduko hartan hainbat adingabek bertako aterpetxeari su eman baitzioten. Aburtok ez zion uko egin bi jazoerak lotzeari: «Seguru asko ez da kasualitatea. Gertakariak ez dira berez gertatzen. Sindikatu baten salaketa dela eta, egun batzuetan eztabaidatuko da gai hau».

«Seguru asko ez da kasualitatea izan; gertakariak ez dira berez gertatzen»

juan maria aburto

bizkaiko gizarte ekintza diputatua

DaTuaK

25.928

Oinarrizko errenta jaso zuten familiak. 4.652 laguntza eskaera berri tramitatu zituen Bizkaiko Foru Aldundiak; 6.017 familiak buruaski izatea lortu zuten.

2.106

Adingabeen inguruan irekitako txostenak. Gurasoak seme-alaben beharrizanez arduratzeko gai ez direnean, edo adingabeek tratu txarrak edo abusu sexualak pairatzen dituztenean, zabaltzen dira adingabeen inguruko txostenak.

208

Egoitzetan hartutako emakumeak. Orotariko arazoek bultzatuta euren ohiko ingurunetik atera behar zuten izan 208 emakumek jo zuten Bizkaiko Diputaziora, baita euren ardurapean zeuden 104 adingabek ere.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)