Ebaki fisikoa eta psikologikoa

Urtean bi milioi neskari egiten diete ablazioa munduko 28 herrialdetan. Genitalak mozten dizkiete, sexu desioa kontrolatu eta mugatzeko: ezkontzeko, ezinbestekoa dute.

Berria, nagore vega, 06-02-2008

Munduan 135 milioi emakume daude genitalak ebakita. Eta kopurua handituz doa: urtean bi milioi neskatok jasaten dute; egunean 6.000k, minutu batean bostek.

Ablazioaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur. Izan ere, genitalen ablazioa oraindik munduko 28 herrialdetan egiten dute. Giza eskubideen aldeko erakundeek, batez ere, emakumeen oinarrizko eskubideak urratzen dituen ebakitze hori amaitzea nahi dute. Antzinako Egiptoko ohitura da, baina Afrikako herrialde gehienetan egiten dira genitalen ablazioak, baina baita Asian, Europan, Ameriketako Estatu Batuetan eta Australian ere. Afrikatik kontinente horietara joan diren afrikarrek ohiturak berekin eraman dituzte.

Kenya da oraindik ablazioa egiten duen Afrikako herrialdeetako bat. Marigaten, neskak 12-14 urterekin ezkontzen dituzte. Tribuen sinesmenen arabera, erdainduta dauden emakumeak ezkon daitezke. Ondorioz, neskek gizarte presio handia jasaten dute ablazioa egiten zaien arte. Kenyako Gobernuak, 2001ean debekatu zuen ablazioa, baina egiten jarraitzen dute. Kenyako tribuek klitorisa zikina dela uste dute, eta erditzean arazoak ematen dituela. Errealitatea ezberdina da: genitalak ebakitzeak infekzioak eragin eta erditzean amak zein haurrak arriskuan jartzeko moduko arazoak sor ditzake.

Oro har, emakumeen genitalen mozketak genitalen zati baten edo genital guztien ablazioa esan nahi du. Lau eta 14 urte bitarteko neskei hiru ablazio mota egiten dizkiete, bizi diren herrialdearen arabera: prepuzioa mozten diete, klitorisa moztuta edo moztu gabe. Bigarrenik, klitorisa moztu diezaiekete, ezpain txikiak moztuta edo moztu gabe. Azkenik, infibulazioa da ablazio motarik gogorrena: kanpoko genitalen zati bat edo genital osoak mozten dizkiete neskatoei, eta baginaren sarrera josi egiten diete, zulo txiki bat bakarrik utzita.

Arrazoiak hainbat direla diote ablazioa egiten duten emakumeek, emagin deituak. Sexualak, batetik: emakumeen sexu desioa kontrolatzeko eta mugatzeko. Soziologikoak ere izan daitezke, neskatoak gizarteratzeko. Garbitasun eta estetika arrazoiak ere aipatzen dituzte, emakumeen genitalak itsusiak eta zikinak direla uste baitute. Osasunagatik: haurrak izateko aukerak handitzen dituelakoan eta erditzean segurtasuna bermatzen duelakoan. Eta, erlijiosoak, ezkontzeko ezinbestekoa baita.

OSASUN ONDORIO LARRIAK. Ablazioa osasun eta garbitasun baldintza minimorik gabe egiten dute ia beti. Erakunde humanitarioek jakinarazi dutenaren arabera, bizarra kentzeko xaflak erabiltzen dituzte emaginek, baita likido korrosiboak ere. Odoljarioak izan ditzakete neskatoek, baina baita hiltzerainoko infekzioak ere, besteak beste.

OME Osasunerako Mundu Erakundeak osasun eskubidearen bortxaketatzat dauka ablazioa. Are gehiago, kontuan hartzen bada herrialde batzuetan mutilazio kasuen erdiak urtebeteko haurrei egiten dietela. Ablazioa gero eta goizago egin, bi ondorio saihesten dituzte: momentuan biktima kontra azaltzea, eta, ondoren, salaketa jarri ahal izatea.

OMEk ablazioa jasan duten 30.000 Afrikako emakumeren jarraipena egin du. Ikerketa horren arabera, emakumeen genitalen mozketak erditzeko momentuan arriskuan jartzen ditu bai emakumeak, baita haurrak ere. Amek %30 zesarea gehiago izaten dituzte eta kasuen %70ean erditze osteko odoljarioak izaten dituzte. Haurrek, bestalde, jaio eta berehala hiltzeko arrisku handiagoa dute. Txostenean jasotako datuek argitzen dutenez, Afrikan jaiotzen diren haurrak errazago hiltzen dira erditzean edo ondoren, amek ablazioa egina badute.

Emakumeei genitalak mozteak, gainera, sendatzeko ahalmena galtzea eragiten die, zorne zorroak sortzen zaizkie, kisteak, orbaindutako ehunak hazten zaizkie, gernu traktua infektatzen zaie eta neuroma orbainak sortu. Sexu harremanetan mina izaten dute, hepatitisarekin eta hiesarekin errazago kutsatzen dira, haurrak edukitzeko ezintasuna dute, hileroko mingarriak, gernu traktuaren buxadura kronikoa, harriak maskurian, gernu inkontinentzia eta odoljario arrisku gehiago. Zer esanik ez bizitza guztirako gelditzen zaizkien ondorio psikikoez. Gizonezkoekin harremanak izateko ezintasuna dute gehinetan, eta sexu harremanen beldurra.

Giza eskubideen aldeko erakundeen helburua ablazioa amaitzea da. Jendea oinarrizko eskubideak errespetatzeko hezten ari dira, eta erritual alternatiboak eskaitzen dizkiete. Ohitura jarraitzeko aukera izango dute, baina ablazioa egin gabe.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)