Etorkin adingabeak «pilatuta» bizi direla salatu dute Bizkaiko zentroetako hezitzaileek

Zentro pribatuetako egoera txarra dela eta, gazteak sare publikora aldatzeko eskatu dute

Berria, maite asensio - jon rejado, 06-02-2008

Bilbo – Gasteiz

Aspaldikoak dira bakarrik heldutako atzerritar adingabeek jasotzen duten arretaren gaineko kexak eta kezkak. Baita harrera zentroak pribatizatzearen aurkako aldarrikapenak ere. Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian, Foru Aldundietako Gizarte Ekintza sailak arduratzen dira gazte horiek bideratzeaz eta zentroak kudeatzeaz, baina langileak ez daude kudeaketarekin ados. Bizkaiko Diputazioko langile batzordeak hala azaldu zuen atzo Bilbon egindako agerraldian. Etorkin adingabeak «pilatuta» bizi direla salatu zuten.

Hurbileko seniderik gabe heltzen dira gazte horiek, eta egoitzetara bideratzen dituzte hasiera batean. Enpresa pribatuek kudeatzen dituzte egoitza horietako gehienak. Bizkaiko Foru Aldundiko langile batzordeko presidente Aniceto Prietoren esanetan, adingabe gehiegi daude zentroetan. «Ia ezinezkoa da eurekin hezkuntza egitasmorik abiatzea». Haien ustez, ez da gazteen gizarteratzea bultzatzeko neurririk hartzen. Hori dela eta, bakarrik dauden atzerritar adingabeak sare publikora «berehala» mugitzeko eskatu dute langileek: «Arreta hobea merezi dute».

PILAKETA. Egun, 332 etorkin adingabe daude Bizkaian. Horietako 272 sare pribatuan daude; Zornotzako zentroan 50 edo 60 gazte egon ohi dira, eta Loiuko Zabaloetxen 86 izatera ere heldu dira. Besteak beste, arartekoa, haurren gaineko legediak eta umeen eskubideak aipatu zituzten langileek atzo, «pilaketa horrek araudiak eta gomendioak hausten» dituela argudiatzeko. Eusko Jaurlaritza bera lantzen ari den egoitzetako harrerari buruzko dekretuaren zirriborroak dioenez, zentro bakoitzean hamar gazte baino gutxiago egotea komeni da.

Prietok bi egoitzaren gainean hitz egin zuen batez ere: Artzentalesko El Gamo eta Artxanda mendiko El Vivero. Nekazaritza Sailak utzitako eraikinak dira: baserri txikiak, lau kideko familia bat bizitzeko adina toki dutenak. Artzentalesen, ordea, 27 gazte daude, eta Artxandan, 64. Han dauden atzerritarrek duten hezkuntza jarduera bakarra, gainera, gaztelera klaseak dira; egunean ordubete. «Artzentalesko zentrotik herrigune hurbilenera ordubete dago oinez; ez dago ia jarduerarik, ezta gizarteratzeko aukerarik ere», adierazi zuen Prietok. Hori dela eta, gazteentzako beste tokiren bat «presaz» bilatzeko eskatu zion Diputazioari: «Bihar bertan martxan jar daitezkeen alternatiba errazak daude, hala nola Lanbide Integraziorako Zentroak eta etxeak. Kostu berarekin, zerbitzuen kalitatea hobe daiteke».

Hain zuzen ere, sare publikoak eskaintzen ditu aukera horiek. Eta «esperientzia onak» lortzen ari dira: ez dago ia pilaketarik, bertako eta kanpoko adingabeak elkarrekin bizi dira, ingurunearekiko bizikidetzak ere emaitza onak eman ditu, trebakuntza proiektuetan parte hartzen dute…

LANGILEEN GATAZKA. Autonomia handia eta jokabide zuzena duten gazteak etxeetara bidaltzen dituzte, baina horien arretarako baliabide gutxi dago. Etxe bakoitzean bi eta sei gazte bitartean daude, eta hezitzaile bakar batek bi etxe ditu bere ardurapean. Garai batean bost lagunen artean banatzen zituzten etxe bakoitzeko txandak; langile horiek, baina, kaleratu egin zituen Bizkaiko Foru Aldundiak.

Diputazioko Gizarte Laguntzako Foru Institutuak lan eskaintza publiko bat egin zuen joan den urtean; ekainean lanpostuak adjudikatu zituenean, lanean ari ziren hainbat hezitzaile kaleratu zituen. Langileek Foru Aldundiaren aurkako salaketa jarri zuten, obra kontratua zutelako. Taldearen harrera amaitzean, kontratua amaitzen zen. Beharginen esperientzia, ordea, beharrezkoa da, Paola Gomez langile batzordeko kidearen ustez: «Baliabide gutxirekin zerbitzu txarra ematen da, eta esperientzia handia duten hezitzaileak kaleratzen dituzte bitartean».

«Artzentalesko zentrotik herrigune hurbilenera ordu bat dago oinez; ez dago gizarteratzeko aukerarik»

«Bihar bertan alternatibak jar daitezke martxan; kostu berarekin kalitatea hobe daiteke»

aniceto prieto

LANGILE BATZORDEKO PRESIDENTEA

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)