Etorkin bati adina aldatzeko agindua baliogabetu dute Gipuzkoan

Berria, erredakzioa, 31-01-2008

Donostia

Gipuzkoako Auzitegiak baliogabetu egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak 2006. urtean adingabeko etorkin marokoar baten inguruan eman zuen agindua. Agindu horrek gaztearen adina aldatu egin zuen: 14 urte zituela ebatzi zuen, mutil gaztearen pasaportearen arabera 17 bazituen ere.

Mutilaren gorpuzkerak 17 urteko gazte baten tankerarik ez zuela eta, azterketa mediku bat egin zitzaion Adingabeko Auzitegiko Fiskalak eskatuta; eta horretan oinarrituta, etorkin gaztearen adina aldatzea ebatzi zuen Diputazioak. Atzera bota du orain agindu hori Gipuzkoako Auzitegiak.

Izena eta abizena, herritartasuna, ogibidea, helbidea, nortasun agiriaren zenbakia eta jaioteguna pasaportean agertzen diren moduan onartu behar direla ebatzi du epaitegiak. Eta inolako zalantzarik badago, horiek uxatzeko beste modudik badela azaldu du. «Diputazioak datuak faltsuak ziren susmoa bazuen, jaiotze agiriarekin alderatu behar zituen, baina ez zuen horrelakorik egin».

Gazte etorkinen adinak garrantzi handia du. Adingabeei harrera egin behar izaten zaie, eta, ondorioz, legez kanpo sartu badira ere, geratzeko aukera izaten dute. Gazte horren kasuan Gipuzkoako Diputazioak hartu zuen posturarekin «adingabeen interesen alde alor guztietan» egiteko obligazioa albora utzi zuela uste du Gipuzkoako Auzitegiak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)