Etxeko lanetan dabiltzan etorkinek dituzte baldintzarik kaskarrenak, CCOOren arabera

Gehienak emakumeak direla eta ostalaritzan lan egiten dutenek ere bizimodu «zaila» dutela dio

Berria, , 29-01-2008

IBAN OCIO

Bilbo

Kontratua duten hamar etorkinetatik seik zerbitzuetan ateratzen dute bizimodua, eta etorkinak diren hamar emakumeetatik bederatzi ostalaritzan eta etxeko lanetan dabiltza. Emakume horiek dituzte, hain zuzen ere, baldintzarik kaskarrenak: %86k hamar ordu baino gehiago ematen dituzte beharrean egunero, baina horien %47ri lanaldi erdiari dagokion soldata bakarrik pagatzen diete.

Euskadiko CCOOk eman ditu datuok. Etorkinek, oro har, «bizimodu zaila» dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hiru herrialdeetako biztanleen %5 direla (110.000 pasatxo), 2006an 79.190 kontratu egin zizkietela, eta horien %90 aldi baterakoak izan zirela jakinarazi du sindikatuak. Behin-behinekotasunak sektore guztietako langileei eragiten die. Bai zerbitzuetan dabiltzanei, bai eraikuntzan eta industrian dabiltzanei %23 eta %9, hurrenez hurren.

«ESKLABOTZATIK GERTU». Aldea badago, nolanahi ere, sektore batean edo besteetan diharduten langileen artean. CCOOren arabera, etxeko langileak daude egoerarik okerrenean. Alde batetik, kontraturik ez dute gehienek: milaka langile dira, baina 2006an 211k besterik ez zuten idatzizko kontratua. Etorkin horien erdiek egunero zortzi ordu edo gutxiagoko atsedena dutela, eta %70ek «asteroko atseden egokirik» ez dutela dio sindikatuak. «Hain dira lan baldintza prekarioak, ezen esklabotzatik gertu daude». Lanaldi luzeak eta soldata eskasak. «Berez jaso beharko luketenaren erdia, askotan».

CCOOk, beraz, administrazioari exijitu dio etxeko langileen baldintzak egonkortzeko. Etorkinei ez ezik, euskal herritarrei ere mesede egingo lieke etxeko langileek eskubide berberak izateak.

Etxeko langileen egoera arautuz gero, gainera, «gehiegikeriak eta iruzurrak» gutxituko lirateke kontratazioan. Sindikatuak azaldu du lan egiteko baimenik ez dutela etorkinen %20k, eta horiek batez ere «barruko zereginetan» dabiltzala. Ostalaritzan, sukalde eta garbiketa lanetan, gehienbat. Legezko baimena duten etorkinak jendaurreko lanetarako kontratatzen dituztela, eta gizon gehienak multzo horretan daudela jakinarazi du sindikatuak.

Azaldu du, bestela ere, etorkinen kopurua gora doala, eta horien babes faltaz baliatzen diren ugazabei jazarri behar zaiela Administrazioa. Etorkinak kanporatzeko araudia bertan behera uzteko exijitu, eta senideak Euskal Herrian batzeko erraztasunak ere eskatu ditu CCOOk.

Zenbakia

%9,5

Behin-behinekotasuna. CCOOk azaldu du 2006an etorkinei egindako 79.190 kontratuetatik, %9,5 besterik ez zirela finkoak izan. Batez ere etxeko lanetan diharduten langile askok kontraturik ez dutela ere ohartarazi du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)