eKoGraFIaK

Aukeren 'babulonia'

Berria, ASIER SARASOLA, 24-01-2008

Herenegun ikusi ahal izen zen estreinakoz Hijos de Babel reality xenofoboa, Operacion Triunfo-ren sasikume hori, edo TVEko propagandak dioen bezala, «integrazioa eta elkartasuna» sustatzeko saioa. Xenofoboa diot, ghettokeriak jota jaiotako gauzakia delako, espainiarrak ez diren parte-hartzaileak soilik onartzen baititu. Zera pentsarazten duelarik, orain arteko OT guztietan kanpoan utzi dutela etorkin oro. Ez nago, baina, halakorik ziurtatzeko moduan, susmoa baizik ez da. Edonola ez nuen hasi eta buka jarraitu lehenengo emankizuna, eta ulertuko duzuelakoan nago. Nazka-nazka eginda nintzen hirugarren lehiakidea azaltzerako, nazkaturik Estopa musika talde gonbidatuarekin eta agertzekotan zen David Bisbalekin, Antoni Garrido, Identity lehiaketaren gidari bera, aurkezle zozoarekin bezala.

Hasteko, Estopakoak palindromoa zer den esplikatzen entzun nituen. Euren azken diskoak Allenrok du izena eta atzekoz aurrera irakurri behar da, baina palindromoa izan dadin, aurrekoz atzera gauza bera irakurri beharko genuke (neke zeken, adibidez), eta ez dago horrelakorik haien izenburuan. Buruan zer duten aise da jakitea, eskaskeria hutsa. Alta, ez zituen Garridok zuzenduko. Gero, lehiakideak ezagutzeko beta iritsi zen. Kasualitatetik gutxi zuen, lehiakide denen ahotan entzun zitekeena, alegia, Espainia zela aukeren lurraldea eta espainiarrak zirela abegikor eta atsegin eta tankerako ez dakit zenbat izenlagun. Bakar batek ere ez zuen huts egin honetan. Gainera, gidoia ahaztu zuenari Garridok berak galdetzen zion ez ote zen aukeren lurraldea Espainia, eta noski, baiezko borobila jasotzen zuen artistagaiaren aldetik. Gainontzekoan, errukia borborka eta gupida disimulatu ezin bat, partaideen bizitzaren berri emateko garaian, «badaki zubipean lo egitea zer den» gisako azpi-idatziekin. Era berean, euren jatorrizko herrialdeen gutxiespena aldi oro; Espainia handi eta aske horren iduriko. Eta hauta-probak egunero ikusgai, ustez kalitatearen ikur den La2 katean. Eta finalisten herrialdeetan elkartasun proiektuak martxan jartzeko asmoa du saioak, ikusleek bidalitako mezu laburren ondorioz bilduko den dirutzatik parte bat bideratuta. Eta zalantza bat, benetan bizi al diren Espainian Babel-eko seme-alabok.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)