SOS Arrazakeriak uste du bere egoitzan lapurtu zutenek informazioa bilatzen zutela, ez dirua

Hainbat objektu eraman zituzten lapurrek, baina balio handiagokoak ukitu gabe utzi zituzten

Berria, asier azpilikueta, 24-01-2008

Iruñea

Iragan larunbateko 15:00etatik igandeko 17:00etara dagoen tartean, SOS Arrazakeriak Iruñean duen egoitzan lapurtzera sartu ziren. Haririk gabeko telefono bat, modem bat, 700 euro esku dirutan, argazki kamera digital bat eta ordenagailu baten disko gogorra eraman zituzten lapurrek. Lokalean «balio handiagoko objektuak zeudenez», eta toki berean bertze erakunde batek, Mugarik Gabek, erabiltzen duen zatia ukitu ez zutenez, SOS Arrazakeriak uste du «datuak eta informazioa» bilatzen zutela lapurrek, dirua baino gehiago.

Gurutze svastika bat margotu zuten lapurrek, lokalaren pareta batean. Baina «gaizki» margotu zutenez, SOS Arrazakeriakoek uste dute «despistatzeko» egin zutela. «Ondorio batera iristeko hari mutur asko solte daude, eta, orain arte, gure hirian ideologia mota horretako [nazia] pertsona edo taldeen eskutik horrelako ekintzarik egin dutenik ez dugu ezagutzen», erran du Jon Kepa Soltxaga elkarteko kideak.

EZ ZUTEN INFORMAZIOA ERAMAN. Iruñeko SOS Arrazakeriaren bulegoan salaketaren bat jarri edo arreta jaso duen edonor «lasai» egon daitekeela adierazi du Soltxagak. Izan ere, pertsona horien datuak ez zeuden lapurtu zituzten objektuetan gorderik. Eta ez zituzten manipulatu.

Zantzu horiek guztiak kontuan hartuta, hainbat galdera egin ditu Soltxagak: «Nor ibil daiteke erabiltzen ditugun datuen atzetik? Nork eragotzi nahiko luke egiten dugun salaketa eta sentsibilizazio lana? Egiten dugun lanagatik norbaitek egiten digun abisu edo mehatxu bat da?».

Lapurreta dela eta, salaketa jarri dute SOS Arrazakeriakoek eta espero dute auzia «lehenbailehen» argitzea. «Gure egoitzaren aldamenean eraikin ofizial bat dagoela kontuan izanda, eta Alde Zaharrean dauden kamera guztiak kontuan izanda, uste dugu erasoaren egileak aurki daitezkeela».

Bertze aldetik, SOS Arrazakeriako kideek adierazi dute halako erasoek ez dutela haien eguneroko lana eragotziko. «Nafarroan ematen den arrazakeria soziala eta instituzionala salatzen jarraituko dugula argi utzi nahi dugu».

BABES ZABALA. Prentsaurrekoa eman zuten, atzo goizean, Nafarroako SOS Arrazakeriako kideek, eta agerraldian izan ziren elkartasuna adierazi dieten hainbat kolektibotako ordezkariak: CGT, LAB, ESK eta CNT sindikatuak, FAIN etorkinen elkartea, Papeles Denontzat plataforma, Iruñea Gu Geu, Aldea, Eguzki Bideoak, Komite Internazionalistak, Emakume Internazionalistak, Ixim eta ANARASD.

Arratsaldean, ELA, LAB, ESK, CGT eta EILAS sindikatuek idatzi bateratua zabaldu zuten, haien elkartasuna adieraziz. «Pertsonen giza eskubideen defentsan azken hamazazpi urteetan SOS Arrazakeriak egindako lana» goraipatu zuten, bai eta horretan segitzeko animoak eman ere.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)