«Musulmanek beraiek ezagutzera hurbiltzea nahi dute»

Gizarteak etorkinenganako jarrera irekia behar duela uste du Deustuko unibertsitateko irakasleak; susmo txarrek bizikidetza uxatuko dute Vicenteren ustez.

Berria, nagore vega, 05-12-2007

Donostia

Trinidad L. Vicente (Bilbo, 1969) Deustuko Unibertsitateko soziologia irakaslea da. Bertako Giza Eskubideen Institutuko kide Xabier Etxeberria eta Eduardo J. Ruizekin liburu bat idatzi du: Identidad islamica y espacio publico en el Pais Vasco.

Zergatik aukeratu dituzue musulmanak?

Guretzako garrantzitsua zen aniztasun kulturala nola kudeatu jakiteko hausnarketa bat egitea. Egokia iruditu zitzaigun islamarekin egitea, inkesten arabera, musulmanak baitira bertakoentzako etorkin ezberdinenak, eta askotan esaten da kulturalki bertakotu ezinak direla. Hori jakinda, guretzako oso garrantzitsua zen eztabaidarako gune bat irekitzea hurbiltzen laguntzeko, ezagutzeko, beldurra alde batera uzteko, horiek guztiak ezjakintasunak eraginak baitira. Hortik aurrera, harremanak bultzatu eta bi aldeentzako zilegiak izango diren konponbideak bilatu behar dira.

Zein zen zuen helburua?

Islamiar nortasunaren ikuspuntutik garrantzitsuenak diren elementuak identifikatu nahi genituen. Bai kanpotik datozen musulmanentzako eta baita inondik etorri ez diren bertako musulmanentzako ere. Eurei ahotsa eman diegu, gizonezkoei zein emakumezkoei. Hortik aurrera hausnarketa egiten saiatu gara, nortasun islamiko hori gure gizartera nola moldatu daitekeen ikusteko.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, non daude musulman gehienak?

Guk ez dugu biztanleria musulmanaren errolda bat egin, baina badakigu musulman gehienak kanpotik etorritakoak direla. Araban, esaterako, Bizkaian eta Gipuzkoan baino presenteago daude. Baina Eibarren (Gipuzkoa), Ermuan (Bizkaia) eta Errenterian (Gipuzkoa) talde handiak daude, eta badaramatzate urte batzuk bertan. Bigarren eta hirugarren belaunaldiak ere badaude bertan, niretzako, jadanik, immigranteak ez direnak, nortasun islamiko hori beti hemen bizitu izan baitute.

Denak ez dira kanpotik etorritakoak?

Toki askotatik datorren jendea dago: Marokotik, Malitik, Aljeriatik, Senegaldik… Gizonezkoak eta emakumezkoak. Eta gero, hemengo musulmanak daude.

Emakumeak liburuan agertzeari garrantzia handia eman diozue?

Musulmanen taldeaz hitz egiten denean, emakumeak bigarren mailakoak direlako ustea zabalduta dago. Emakume musulmanak ikusezinak dira. Ikusezintasun hori haustea garrantzitsua iruditzen zitzaigun, eta nola bizi diren beren ahotsez esatea. Hurbilgaitzak ez direla nabarmendu nahi dut, eta gogo handia dutela munduaz duten ikuskera guri kontatzeko. Eurengana gehiago hurbil gaitezen animatu nahi dut jendea, askotan guk jartzen baitugu trabak, ez beraiek.

Jende gehienak gutxietsi egiten ditu musulmanak ?

Pentsamendu hori zabalduta dagoela kontziente dira. Horregatik, ikerketa kualitatibo honetan parte hartzeko prest agertu dira. Talde guztiaren izenean, eskerrak eman nahi dizkiet euren kolaborazioagatik. kontziente dira ezjakintasun hori bizikidetzaren bidez bukatuko dela. Bizilagunek ezagutzen dituzten neurrian, harremanak normalizatu egiten dira.

Integrazioan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleak harkor daude ? Zer diote musulmanek bertakoez?

Zenbait musulman euskaldunak dira. Horiek badakite nolako irudia duten gizartean eta hedabideetan. Inkestetan azkenak dira, eta badakite. Ijitoekin ere berbera gertatzen da, eta ez dira etorkinak. Ezagutzera hurbiltzea eta integratzen laguntzea nahi dute. Hedabideei dagokienez, talde musulmanaren gauza txarrak bakarrik ez ateratzea eskatzen dute, titularrak onak ere izatea.

Zein dira musulmanek topatzen dituzte arazo nagusiak ?

Lan munduan, hainbat errebindikazio egiten dituzte. Tradizio katolikoa duen gure egutegian, Ramadana eta arkumearen jaia ospatu ahal izatea eskatzen dute. Musulmanek, gainera, egunean bost aldiz errezatzen dute. Euren herrialdeetan egiten duten bezala, errezo orduak lan ordutegira moldatzen dituzte, baina atsedenean norbaitek kafe bat hartzea erabakitzen badu, eta beraiek errezatu nahi badute, mespretxuz eta mesfidati ez begiratzea nahi dute. Ospakizun horietarako lekuak izatea ere aldarrikatzen dute.

Behar dituzten eraikinak badituzte?

Hutsune handia dute. Herri guztietan ez dago mezkitarik, eta mezkitak dituztenetan, mezkita horiek ez dira baldintza egokietan egoten: gehienetan, oso txikiak izaten dira. Emakumeak gehienetan kanpoan geratzen dira, eta baita gizonezko batzuk ere. Arkumearen jaian, berriz, kontuan izan behar da arkumea sakrifikatu egiten dutela. Hemen ez da onartzen sakrifizioa edozein tokitan egitea, higiene baldintza batzuk bete behar baitira. Hiltegiei buruzko eztabaida ireki behar da, nork sartu ahal duen ezartzeko. Horrela, erritua ospatuko dute, eta baldintza higienikoak errespetatuko dituzte.

Zein zentzutan aberastuko gaitu kulturen arteko trukeak?

Ikuspuntu guztietatik begiratuta, harreman horiek, trukeak, denen onerako izango dira. Kasu honetan islamiar taldeari buruz ari gara, baina taldearen beraren barnean oso talde ezberdinak daude, gure gizartean bezala. Kulturen arteko harremanak finkatzeak, gure gizarteko esparru guztietan elkarrizketak bultzatzen lagunduko digu. Bizitzaren aurrean jarrera bat da oinarrizko giza eskubideak errespetatzea. Horixe da gizarte demokratiko plurala sortzeko oinarria.

 

«Bigarren eta hirugarren belaunaldiak ere badaude bertan. Horiek jada ez dira etorkinak»

 

«Emakume musulmanek gogo handia dute munduaz duten ikuskera guri kontatzeko»

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)