'Apartheid'

Berria, Castillo Suarez, 04-12-2007

Bestea edo besteak erabiltzen du Ryzard Kapuscinskik, europarrak gainontzeko guztiengandik bereizteko. Haren hitzetan, beti izan dira munduan hizkuntza bat baino gehiago, jainko bat baino gehiago… Nolanahi ere, mundua antolatuta zegoen moduan, europar kultura zen nagusi. Gu esaten genuenean gizon eta emakume guztiak izendatu nahi genituen, baina, egiazki, Europakoez ari ginen. Egun, ordea, gu erabiltzen badugu, nekez izendatu ahal izanen ditugu munduko biztanleak, mendeetan zokoratuak izan diren kultura asko azaleratu baitira.

Kulturen arteko elkar ezagutza eta elkarrizketaren beharra gero eta agerikoa da testuinguru honetan. Haatik, besteekiko etsaitasuna eta areriotasuna betidanikoa da. Xenofobia gaitz zaharra da, beren burua gutxiesten duten izaki beldurtiena, besteak ezagutu nahi ez dituena, eta kontakturen bat izatekotan, gatazkatsua edo menperatzailea dena.

Egun, besteak hor daude, gure artean, baina besteak izaten jarraitzen dute. Finean, denok gara besteak: gu haiekiko eta haiek gurekiko. Besteak gurera erakarri nahi ditugu kultur arteko jardunaldi, euskara klase edota immigrazio planen bidez, baina gu jarraitzen dugu izaten egitasmo horien guztien abiapuntu – askotan, gainera, bakarrak – . Eta, horrela, gu eta besteen artean dagoen hori – ispilua, maiz – ez da desagertzen. Ezinezkoa da desagertzea, baina ez dakigu nola erakarri gurera.

Hain zuzen, hori da gure akatsik handiena, alegia ez ditugula zertan erakarri, ez dugula trakzio lana guk egin behar. Benetako elkarlana da eraginkorrena, baina horretan gutxik asmatu dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)