Etorkinak, auzoko «arriskutsuak»

Berria, , 30-11-2007

Erromak deliturik egin ez duten dozenaka immigrante errumaniar kanporatzeak eztabaida gogorra eragin du; Errumaniak Europako legedia urratzea leporatu dio Prodiren gobernuari.

arantxa elizegi

Erabakia politikoa dela diote batzuk, beharrezkoa dela besteek eta okerrekoa hirugarrenek. Era batera edo bestera, zeresana eragin du Italiako Gobernuak hartutako neurriak, batez ere Europako beste hainbat herrialderi gauza bera egiteko ateak irekitzen dizkiolako. Urriaren 30eko gauean hasi zen guztia, Erromako kanpoaldeko auzo batean. Giovanna Reggiani Tor di Quinto kanpalekuan aurkitu zuten hilzorian. Erietxera bidean hil zen. Kanpaleku bereko emakume batek esan zion Poliziari gertatutakoa. Nicolae Rumulos 24 urteko gazte errumaniarrak emakumea jipoitu eta bortxatu zuen. Albisteak eskandalua eragin zuen herrialdean. Are eta gehiago, jakin zenean Gobernuak lege berezi bat onartu zuela «arriskutsuak» ziren errumaniarrak herrialdetik kanporatzeko. Orain arte, ia berrehun errumaniar kanporatu dituzte, ijitoak gehienak.

EBko legediaren arabera, herrialde batek badu banakoak kanporatzeko eskubidea, hark segurtasuna kolokan jartzen duen frogarik bada; ezin ditu, ordea, talde osoak kanporatu. Horiek hala, Errumaniako Gobernuak salatu du Erromak hartutako neurriak legez kontrakoak direla. Iritzi berekoak dira Italiako zenbait buruzagi ere. «Gauza bat da krimenak egiten dituzten etorkinak kanporatzea, eta beste bat talde oso bat deportatzea. 1930eko hamarkadan juduen aurka hartutako neurrien antzekoa da», dio Giovanni Russo senatari italiarrak. Haren iritziz, kanporatzen dituztenak benetan direla «arriskutsuak» bermatzea da lehen urratsa.

BABESIK GABE. Italiako lehen ministro Romano Prodik dio hartu diren neurriak beharrezkoak direla: «EBko herritarrentzako larrialdiko kanporatzeak soilik gizartea arriskuan jartzen duten pertsonei daude zuzenduak. Neurria beharrezkoa eta justua da». Aldiz, langile etorkinen eskubideen alde lan egiten duen December 18 taldeko kide Pablo Sanchezek beste era batera ikusten du auzia: «Langile etorkinen eskubideen itunak zehazten du ezin dela talde oso bat kanporatu, eta egitekotan ere banaka egin behar dela. Baina ituna ez dute berretsi herrialdeek, eta beraz, lege babesik gabe, edozer gauza da posible. Horren biktima dira 177 kanporatuak».

Erabakia legez kanpokoa izateaz gain alferrekoa ere bada Mariana Borita gizarte ekintzaile errumaniarraren arabera. «Asteburuan kanporatutako errumaniarrak herrialdera iritsi orduko, Errumaniako Poliziak beren hatz markak hartzen ditu eta aske uzten ditu, ez dutelako idatziz jaso deportatu izanaren arrazoia». Boritaren ustez, politikoa da auzi guztia, eta ez segurtasunarekin lotutakoa. Deportatutakoak, epe motzean, Italiara itzuliko direla iritzi dio hark.

Erromako alkateorde Jean-Leonard Touadik, baina, argi utzi du itzultzen badira hiru urteko kartzela zigorra bete beharko dutela, eta baita helburua xenofobia saihestea dela ere. «Ekidin nahi duguna da jende taldeak errumaniarrengana joatea mendekatzera. Eskuin muturreko taldeak aukera baliatzen ari dira arrazakeria bultzatzeko», dio Touadik. Izan ere, Reggianiren hilketaren berri izan eta gutxira, eskuin muturreko talde batek hiru etorkin errumaniar jipoitu zituen Erroman.

Arazoa da, ordea, gero eta gehiago direla Europan paperik gabe sartzen diren etorkinak, baita EBko kide diren herrialde txiroagoetatik aberatsagoetara mugitzen direnak ere. Europako legediaren arabera, EBko kide diren estatuetako herritarrek automatikoki lortzen dute Batasuneko beste estatu batean egoteko baimena, baina horrek ez du esan nahi lanerako beharrezko paperak ere automatikoki eskuratzen dituztenik. Errumaniar eta bulgariarren kasuan, adibidez, soilik Batasuneko hamar estatuk ireki dizkiete beren lan merkatuetako ateak. Beste batzuek, Italia eta Frantzia kasu, soilik ikasketa jakin batzuk dituztenak onartzen dituzte.

LANGILEEN ESKUBIDEAK. Beren herrialdetik lan bila irteten diren horien eskubideak bermatzeko sortu zuten nazioarteko oinarrizko zazpi itunetako bat, Langile Etorkinen eta haien Familien Eskubideen Nazio Batuen Ituna. Sanchezek azaltzen duenez bi dira testuaren puntu nagusiak: batetik, bertako herritarrek eta etorkinek osasun zerbitzuak jasotzeko eskubide berak izatea; eta bestetik, legez kanpoko etorkinaren irudia baztertzea, mundu guztiak duelako legezko estatusa bere herrialdean. «Gerta liteke uneren batean pertsonaren batek beharrezko dokumentuak ez izatea, hau da, paperik gabekoa izatea; ez, ordea, legez kanpokoa izatea».

Langile etorkinen eskubideen gaineko testua soilik 37 herrialdek berretsi dute, eta horietatik bakar bat ere ez da Europako Batasuneko kidea. Ondorioz, Sanchez beldur da Italiak hasitako bidea ez ote duten beste hainbat estatu aberatsek jarraituko: «Gizartearen iritzian oinarrituta hartzen dituzte agintariek beren erabakiak. Baina legeak ez dituenez halako jazartzeak mugatzen, gaur errumaniarrak dira, eta bihar auskalo».

«Gauza bat da krimenak egiten dituzten etorkinak kanporatzea, eta beste bat talde oso bat deportatzea»

giovanni russo

rifondazione Comunista alderdiko senataria

«Kanporatzeak soilik gizartea arriskuan jartzen dutenei daude zuzenduak. Neurria beharrezkoa da»

romano prodi

Italiako lehen ministroa

«Langile etorkinen eskubideen ituna ez dute berretsi herrialdeek, eta beraz, edozer da posible»

pablo sanchez

december 18 erakundeko kidea

ZenBaKIa

500.000

Italian bizi diren errumaniarrak. Milioi erdi inguru dira Italian bizi diren etorkin errumaniarrak. Horietatik 177k, jada, jaso dute kanporatze agindua. Gobernuak iragarri du milatik gora etorkin kanporatuko dituela «arriskutsuak» direla argudiatuta.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)