Nota bikaineko 'itzulkina'

Maite Iturrek Hezkuntza Ministerioaren sari bat jaso du euskaraz ikasitako karreran lortutako nota bikainengatik

Berria, , 30-11-2007

irune lasa

Bilbo

Egun gutxian ohitu da elkarrizketetara. Beharko: zenbat tokitatik irrati, telebista, egunkaritik deitu dioten ikusita, harrituta dago. Eta egunero harpidetzan hartzen duen BERRIAtik ere jaso du deia. Ilusioa egin dio. Gauzei ilusioz, gogoz, heltzen dien pertsona da-eta Maite Iturre Ulibarri (Sao Paulo, 1979).

Bat-bateko ospea sari batekin etorri zaio. Ikasketa Bukaerako Sari berezia eman dio Espainiako Hezkuntza Ministerioak, Politika eta Administrazio Zientzietan espediente onena izateagatik 2005-2006 ikasturtean. Karrera euskaraz egin duen norbaitek sari hori jasotzen duen lehen aldia da.

Espedientea, nola ez, ikusgarria da. 46 irakasgaietatik, 29tan ohorezko matrikula eta gainerakoetan bikain. Sekretua: «Gauzak azken egunerako ez uztea. Ez dut ondo lan egiten presiopean». Etxera iritsi eta eguneko apunteak ordenagailura pasatzen zituen, txukun-txukun gordetzeko. Eta horrela, ikasten orduak eta orduak egin beharrean, lana banatzea lortzen zuen. Jakina, Maite Iturreren apunte horiek urrea balio dute orain Leioako campusean…

Nota onak ateratzearena, dena den, txikitatik datorkio. Ez du inoiz gutxiegi bat izan! Inoiz ez? Ezta soinketan ere? «Ezta ere». Kalifikazio buletina ezkutatu egiten zuen, ikaskideak bera zirikatzen saiatzen zirelako. «Baina konplexurik ez dut izan inoiz. Nik banekien ez nuela ematen egun osoa ikasten».

Halako batean nekatu da ikasketa arautuekin, «baina inola ere ez ikasteaz, ezagutzeaz». Karrera amaitu arren, Maite Iturrek eguna Leioako campusean pasatzen du, doktore tesia egiten ari delako – Latinoamerikako energiaren geopolitikaz- eta EHUko irakasle ere badelako: Nazioarteko Harremanen irakasgaiak ematen dizkie Zientzia Politikoetako eta Kazetaritzako ikasleei.

Orozkon bizi da senarrarekin, baserri batean. «Ez nintzateke Europan egongo hemen egongo ez banintz». Izan ere, etorkin berezitzat dauka bere burua; «itzulkina» dela dio. Brasildar eta aldi berean euskalduntzat dauka bere burua. «Ameriketan jende askorentzat bateragarria da bi sentimendu nazional izatea, etorkinen ondorengoak garelako». Horregatik, Maite Iturrerentzat Euskal Herrira etortzea «itzultzea» izan zen.

Eta ez horregatik bakarrik. Euskal Herrira iritsi zenean, arbasoen Gueñes herria bisitatu zuen. Gurasoak izanak ziren eta ez zuten sendikorik topatu. «Baina, kasualitatez, niri ‘bai ulibarritarren bat badago’ esan zidaten». Emakume batengana iritsi zen, eta hark ezkontzako argazkia erakutsi zion, «ea norbaiti antza hartzen nion! Nik ez nuen nire birraitona-amonik ezagutu; gurean ikusitako argazkiez gogoratu eta bi gizonezko seinalatu nizkion. Haren aita eta osaba ziren. Orduan, elizako artxibora joan ginen, eta bai, hurbil-hurbilekoak ez, baina ahaideak ginen!».

Birraitona-amonak Erriberatik eta Enkarterritik joan ziren Argentinara. Gurasoak jada argentinarrak, aldi batez Brasilera aldatu ziren. Han jaio zen Maite, eta hura sentitzen du sorterri, nahiz eta lau urterekin familia Panpa ondora bueltatu zen.

11 urte zituela, ama euskara ikasten hasi zen, eta alaba norekin utzi ez zeukanez, berarekin eraman zuen La Platako euskal etxera. Amak utzi egin behar izan zien euskara eskolei, baina alabak jarraitu egin zuen, poliki-poliki. Eta euskararekin bide luzea egin du: Jaurlaritzaren programa bat baliatuz, 18 urterekin Euskal Herrira iritsi zen, Maizpide barnetegira. Euskal Herriari buruz jasotako erreferentziak zenbateraino idealizatuta zeuden han konturatu zen, Lazkaomendiko soroen azpian pilatutako industria ikustean. Senarra izango zena ezagutu, eta karrera hemen egitea erabaki zuen, euskaraz. Hori bai, ikasturte bat Katalunian egin zuen.

Zazpi hizkuntza dakizki. Hitz bat bakoitzetik? Azkar pentsatu du: «Ingelesetik, wisdom (zuhurtzia); katalanetik, avui (gaur); frantsesetik, liberte (askatasuna); italieratik, mare (itsasoa); gazteleratik horizonte (zerumuga); ama hizkuntzatzat daukan portugesetik, saudade (herrimina); eta euskaratik, lurra».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)