Emakumeak esplotatzen zituen sarea desegin dute Hegoaldean

Berria, , 27-11-2007

erredakzioa

Donostia

Espainiako Poliziak zazpi lagun atxilotu ditu Ezkio-Itsason (Gipuzkoa), bat Donostian eta beste bat Iruñean, ustez emakumeak esplotatzen zituen sare bateko kide izateagatik. Espainiako gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaritzak adierazi duenez, emakumeak engainatuta ekartzen zituzten Brasildik, eta prostituitzera behartzen zituzten. Gipuzkoako eta Nafarroako atxilotuez gain, pertsona bat atxilotu dute Quintanar de la Serenan ere (Extremadura, Espainia).

Joan den ostiralean bost pertsona atxilotu zituen Espainiako Poliziak, eta, horiek adierazitakoaren ondorioz, beste bost. Epailearen aginduz atxilotuetako hiru kartzelaratu zituzten, bermepeko askatasunean utzi zituzten inputatuetako lau, eta kargurik gabeko askatasunean utzi zituzten beste hirurak. Espainiako Poliziak ez du ikerketa amaitutzat eman, gertaerak ez baitaude guztiz argi.

6.000 EURO BIDAIAGATIK. Joan den irailean Ezkio-Itsasoko klub batean beren egoera legeztatu gabe zeukaten emakumeak zeudela eta prostituitzera behartzen zituztela jakin zuen Donostiako Atzerritartasun Brigadak. Orduan hasitako ikerketaren arabera, emakume haiei ez zieten lokaletik ateratzen uzten. Halaber, prostituzioaren bidez irabazten zuten dirua, Brasildik etortzeko bidaia ordaintzeko erabiltzera behartzen zituzten; 6.000 euro eskatzen zizkieten, bidaia kostatu ohi denaren hirukoitza. Poliziaren arabera, emakume batzuk antzeko klubetan «saldu» ere egin zituzten sareko arduradunek, «etekin ekonomiko egonkor eta iraunkorra lortzeko».

Aurretik egoera hori bizi izan zuten zenbait emakumeren testigantzek bultzada handia eman zioten ikerketari urrian. Izan ere, haien ondorioz, sareko kide batzuk identifikatzea lortu zuen Espainiako Poliziak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)