Arriskutsuak

Berria, agorostitzu@berria.info, 18-11-2007

Polizia eta antifaxistak. Carlos III.aren estatuaren aurrean, Madrilen E spainiako Polizia Nazionalaren hamaika furgoneta zeuden atzo. Hara gerturatu zirenak miatu zituzten, askori ez zieten utzi bertara iristen ere. Joan den astean Espainiako armadako militar batek hil zuen Carlos Javier Palomino antifaxista gogoratzeko batu ziren gazteak inguratu zituen Poliziak. Metro batzuetara, Alianza Nacional alderdi ultraeskuindarrak immigrazioaren aurkako elkarretaratzea zuen antolatua. Eta hori ez zen atzo ultrek Madrilen egina zuten deialdi bakarra, Genova kalean Falangeak Jose Antonio Primo de Riveraren eta Francisco Francoren omenezko ekitaldia zuen antolatua. Batzuen eta besteen aurrean, Espainiako Poliziak argi du non dagoen arriskua.

Efe agentziak kontsultatutako polizia iturrien arabera, Poliziak «askoz arriskutsuagotzat» ditu antifaxistak faxistak baino, iragan asteko «kasu bakana» baino larriagotzat jotzen baititu «ezkerreko erradikalen kale indarkeria ekintzak». Eta antifaxisten arriskua erakuste aldera, Segirekin eta Batasunarekin harremanak dituztela dio Poliziak: kale borrokako ikastaroak eman omen ditu Segik Madrilen.

Poliziarentzat kasu bakan batzuk besterik ez direnak – etorkinen, homosexualen eta etxegabekoen aurkako ekintzak, besteak beste – 4.000tik gora dira urtean Espainian, Xenofobia Ultra txostenaren arabera.

Zapatero eta faxistak. Poliziak ez zuen entzun, nonbait, atzo Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak PSOEren Batzorde Federalean esandakoa. «Taldetxo ultrekin edo xenofobia praktikatzen dutenekin» malgutasunik ez duela edukiko iragarri zuen. Poliziak ez bezala, neonaziak jarri zituen jomugan Zapaterok. Baina Zapatero ez dago kalean, manifestazioaren aurrean. Haren Polizia dago kalean. Eta haren polizientzat neonaziak ez dira arriskutsuak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)