eKoGraFIaK

Izozmendia lehen planoan

Berria, ASIER SARASOLA, 16-11-2007

Gogoan izango duzue oraindik nola tren barruan paratutako segurtasun kamerari esker nerabe ekuadortarrari oldartu zitzaion gaztea gorroto izan genuen. Jipoika eta irainka ari zitzaion neska hegoamerikarrari Kataluniako alproja hura. Ez zen telebista katerik irudiak gordeko zituenik. Jakin nahiko genuke Ekuadorko telebistaraino iritsi ote ziren. Espainiako ergelen saldak gainerako bidaiarien pasibotasuna salatu zuen, batez ere, den-denaren lekuko zen kamera erasotuari erakusten zion bidaiaria gaztigatuz.

Oso bestelakoa izan da gertakizunen haria Madrilen, nahiz eta lekuko berak, segur aski, den-dena jaso. Espainiako hiriburuan, nerabe atzerritarra ez, biktima gazte madrildarra da, eta soldadua ogibidez haren hiltzailea. Ez da irudirik inon eman. Eta ez gabiltza odol gehiagoren eskean, ez dugu labankada kamera geldoan eta gezi erakusle baten laguntzaz zertan ikusi. Segurtasun kamera, lekuko hori, Bartzelonan nola Madrilen paratu duenaren mesedetan erabiltzeko dira eta ez inoren babesteko. Lohia mozorrotze aldera, Ynestrillasi Euskal Herrian manifestazioak antolatzeko baimena ematen diote bakarrik, egun seinalatuen bezperetan Madrilen biltzeko egin dituen azken deialdiak galarazi dizkiote eta.

Tortura erabiltzeagatik urtero Espainia salatzen duen AI erakundearen aburuz, polizia etxeetan paratzen dituzten kamerek tratu txarren salaketa kopurua murriztea dakarte. Hala egiaztatzen dute estatistikek. Eredugarria omen da horretan EAEko polizia. Nahiz eta badiren zuzendu beharreko jokabideak, diote, eufemismo bete hortz. Foruzainei buruzko aipamenik gabe doa albistea Gaur Egun-en, eta jendarmeriakoak ostatuen miaketan Euskal Herrian dabiltzala esaten digute. Inor atxilotu gabe, konformatu behar hau.

Nazioarteko erakundearen txostenaren aldean, tratu txar edo tortura kasu bakan batzuk baino ez dira ailegatzen telebistara, eta normalean, etorkina izaten da jendaurreko bidegabekeria pairatzen duena. Zera frogatzen du honek badirela uniformedunak kamera aurrean egotearekin berotzen direnak, eta bigarrenik, atxilotua babesteko ezik, hura preso duenaren sistema beraren beste katebegi bat dela. Izozmendiaren gisa, kameratik kanpo geratzen da izugarrikeriaren tamaina.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)